«Ehun urteotako txirrindularien 62.000 argazki dauzkat jasota»
Inazio Imazen (Idiazabal, 1943) bizitzaren parte da txirrindularitza ia duela 50 urtetik. Izan ere, 1965ean, txirrindularien argazkiak biltzen hasi zen, eta harrezkeroztik «ordu, egun eta urteetako lana» dauka karpetetan txukun-txukun bilduta. «Jakin izan banu ez dakit berriz ere hasiko nintzatekeen», dio idiazabaldarrak. 62.000 argazki inguruko argazki bilduma dauka Imazek karpetetan urteka antolatua.
Inazio Imazen (Idiazabal, 1943) bizitzaren parte da txirrindularitza ia duela 50 urtetik. Izan ere, 1965ean, txirrindularien argazkiak biltzen hasi zen, eta harrezkeroztik «ordu, egun eta urteetako lana» dauka karpetetan txukun-txukun bilduta. «Jakin izan banu ez dakit berriz ere hasiko nintzatekeen», dio idiazabaldarrak. 62.000 argazki inguruko argazki bilduma dauka Imazek karpetetan urteka antolatua. Originalak dira gehien-gehienak.
Imazekin hitz egin eta txirrindularien argazki bilduma ikustea txirrindularitzaren historia ikasteko modua da, albumetako orriak pasa ahala txirrindulari bakoitzaren historia kontatzen baitu.
Noiz eta nola lortu zenuen txirindularien lehenengo argazkia?
1965ean. Goierrin ziklo krosa oso modako zegoen eta Ordiziara joan nintzen ziklo krosa ikustera. Talamilloren argazki bat eman zidaten. Oso ezaguna zen, oso ona zen ziklo krosean. Jendeak asko maite zuen. Burgoskoa zen. Oso sinpatikoa zen. Bost urtera istripuan hil zen.
Garai hartan, bizikleta hartu eta inguruko karreretara joaten ginen. Orduan, argazkiak kotxeetatik botatzen zituzten propaganda egiteko eta erraz lortzen ziren. Orduan karrera gehiago ere izaten zen.
Eta bigarrena?
Errenteriko Otaño Frantziako taldeetan zebilen. Eskutiz bat idatzi nion bere argazkia eskatzeko eta dedikatuta bidali zidan. Etxera bidali nion eskutitza.
Eta hirugarrena?
Bazegoen talde handi bat garai hartan: Carpano. Idatzi egin nien argazkiak eskatzeko. Orduan arazoa helbideak bilatzea izaten zen; ez zegoen Internetik. Aldizkariren batean bat Italiakoa zela ikusi nuen eta ‘Carpano. Italia’ jarrita eskutitza bidali nuen. Erantzun egin zidaten. Garai hartan munduko talderik onena zen. Argazki horiek lortu nituenean, gustatu egin zitzaidan eta talde guztiei eskatzen hasi nintzen.
Hala ere, 1965. urtea baino lehenagoko argazkiak ere badauzkazu bilduman.
Bai, jende ona ere badago. Madrilgo bildumagie batekin harreman ona egin nuen eta harek argazki asko bidali zizkidan. Txirrindularitzaren 100 urtetako historia 62.000 argazkitan jaso dut.
Bilduma egiten hasi zinenean, txirrindulariekin zuzeneko harremana zeneukan orduan?
Bai, aurrenetik bai; harreman pertsonala izaten zen. Gerora ezinezkoa zen hori. Adibidez, argazki historiko famatu bat badago, 1947ko Frantziako Tourrean Copi eta Bartali, elkarri botila emanez agertzen direnak. Bartalik berak dedikatuta bidali zidan metroko posterra.
Txuri-beltzean izango ziren lehenengo argazkiak…
Bai. Kas taldeak azkenerako koloretan egin zituen.
Zein duzu argazkirik kuttunena, gustukoena edo bereziena?
Bertako txirrindualriena: Otaño, Perurena, Lasa, Loroño, Olano… Argazki berezi bat ere badaukat: Frantziako Tourrean hirugarren izan zen Bernardo Ruiz Ordiziara etorri zenean, ikusleen artean, ni neu ateratzen naiz.
Goierriko txirrindularien argazkiak edukiko dituzu.
Bai, askorenak. Goierriko talde batena ere bai. 1958-59. urtean talde bat atera zuten Beasainen: Beasain Caobani. Oso talde polita zen. Txirrindulari askorentzat hasiera izan zen. Talde osoaren argazkiak dauzkat. Ataungo Urrestarazu anaiak daude, adibidez.
Bildumagile batek zer behar du?
Ordena, antolakuntza, pazientzia, txukuntasuna, etengabe eskatzea aritzea….
Bildumagileen artean harremanik ba al daukazue?
Bai, badaukagu. Lehen asko, orain gero eta gutxiago. Madriden eta Burgosen badaude pare bat bildumagile. Gasteizen ere bat bai, baina askoz ere argazki gutxiago dauzka. Frantziako eta Italiako bildumagileekin ere izan dut harremana.
Argazkiak trukatzen al dituzue?
Bai. Argazki bat ona baldin bada, bat baino gehiagogatik aldatzen dugu. Hasieran errazagoa zen, jendea jatorragoa zen. Orain asko kostatzen da, argazki bakoitzagatik gehiago eskatzen da.
Bukatzeko asmorik ba al duzu?
Gero eta zailagoa da argazkiak lortzea. Batzuk Internet bidez bidaltzen dizkidate argazkia, baina paperean botatzea oso garestia da.
Etxean jarraitzailerik ba duzu?
Egin dudan lana asko estimatzen dute, baina ez dago jarraitzailerik.
Salduko al zenuke?
Pena emango lidake, baina salduko nuke; nekatzen ari naiz. Baina ez da erraza hainbeste urtean aritutako gauza bat ahaztea.
Horrelako bilduma bati prezioa jartzea erraza al da?
Nere bizitzaren zati garrantzitsua da, ordu asko eskaini baitizkiot. Neretzat ez du preziorik baina proposamenak entzuteko prest nago. Zaila da horrelako bilduma bat erosteko prest dagoen jendea bilatzea.
Beste bildumarik egin izan duzu?
Hasi bai, baina jarraitu txirrindularitzarekin bakarrik. Eskolara joaten nintzenean Chocolates Zahorreko futbolisten albumak baditut gordeta. Baina futbolak ez nau hainbeste erakarri. Zigilu bilduma egiten ere hasi nintzen baina ez nien jarraitu. Baina txirrindulariekin aritu naiz ondoen.
Postariaren zain egoten al zara egunero?
Bai. Gaur ere iritsi zaizkit Danimarkatik Contadorren taldearen argazkiak. Bitxikeria bat ere badaukat: Frantziako RMO taldekoek ‘Idiazabal, Argentina’ jarrita bidali zizkidaten argazkiak. Baina eskutitza Argentinako Idiazabaldik bueltan iritsi zen. Kostatu zitzaion iristea baina iritsi zen. Bi urtetan gertatu zen gauza bera.