Ertzaintzak 25 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu ditu gaur goizaldean Antzuolan, Urretxuko enpresa batean kobrezko kableak eta xaflak lapurtzea egotzita. Lapurtutako materiala -sekzio handiko kobrezko mahukak eta material bereko xafla metalikoak- garraiatzen ari ziren Antzuola inguruan furgoneta batean, atxiloketa gertatu den unean.
Sekundino Esnaola kaleko espaloia zabalduko dute, eta zamalanak egiteko sail bat utzita, beste aparkalekuak kendu egingo dituzte. «Zamalanen eremua aparkaleku gisa erabili ahal izango da gauez. Aparkalekuak kentzen ditugula badakigu, baina geltoki intermodaleko aparkalekuak gertu daude», esan du alkateak. Espaloia zabaltzeko lanei ekiten dienean sei aparkaleku kenduko ditu udalak Sekundino Esnaola kalean. Serranok geltokiko aparkalekuak aipatu ditu ordezko bezala, baina haietan ordaintzea ezinbestekoa dela gogoratuta, alkateak honakoa esan du: «Egia da, haietan ordaindu egin behar da, baina deskontu bereziak daude ordaintzeko erraztasunak emateko».
Aurten harrera bikaina izan duen lehiaketan emozioa azken unera arte mantendu da antolatzaileen esanetan. Naroa Alonsok, Oihana Pastrianek eta Lorea Arbuluk osatutako Kat taldeak irabazi du aurtengo Mingainluze lehiaketa. Antolatzaileek esan dutenez, «final estu eta borrokatua» izan da edizio honetakoa eta «emozioa azken unera arte» mantendu dute talde parte hartzaileek. Azkeneko ariketa, Zer da zer izenekoa «erabakiorra» izan da. Izan ere, talde irabazleak saio osoan zehar puntu gutxi batzea lortu bazuen ere «amaierako ariketan gora egitea lortu eta lehiaketa irabaztea» lortu dute.
Inazio Imazen (Idiazabal, 1943) bizitzaren parte da txirrindularitza ia duela 50 urtetik. Izan ere, 1965ean, txirrindularien argazkiak biltzen hasi zen, eta harrezkeroztik «ordu, egun eta urteetako lana» dauka karpetetan txukun-txukun bilduta. «Jakin izan banu ez dakit berriz ere hasiko nintzatekeen», dio idiazabaldarrak. 62.000 argazki inguruko argazki bilduma dauka Imazek karpetetan urteka antolatua.
http://youtu.be/x8RPYwL6koM Hasi dira festa giroa berotzen Idiazabalen. Datorren asteburuan ospatuko dituzte San Blas jaiak, baina hauen atariko moduan, ekitaldi ugari izan dituzte egunotan ere. Larunbatean, esaterako, Euskal Herriko Sokatira Txapelketa jokatu zuten Igarondon. Eta atzo, herriko gaztetxoen txanda izan zen; euriak emandako atsedena aprobetxatuz, danbor hotsez esnarazi zuten festa giroa. Ostiraletik aurrera jarraituko dute Idiazabalgo jaietako ekitaldiek; besteak beste, umeen playback-a, jaien hasierako suziria eta axariaren jaitsiera eta giza proba herrikoia izango dituzte.