Partidako unea.
Larunbat arratsaldean jokatu zen Ordiziako Altamiran Ampo Ordizia eta Cajasol Cienciasen arteko ligako partida. Norgehiagoka osoan zehar garaipena ziurtatuta izan zuten goierritarrek; 20-7 amaitu zen partida. Ohorezko Mailako sailkapenean 5. postuan dago Ordiziako taldea hamairugarren jardunaldiaren ondoren.
Emaitza “gazi-gozoa” izan zela larunbatekoa diote Ordiziako Rugby Elkartetik, “aurkaria azken sailkatua zela” kontuan hartuta. “Garaipena ez da arriskuan egon, baina zaleek gehiago espero zuten”, diote. Partidan jokalari gazte askok izan zuen zelaira irteteko aukera eta “aprobetxatu” zuten aukera gehienek.
Lehen minutuan Corey Simpsonek ireki zuen markagailua zigor kolpe bati esker (3-0). Minutu batzuk geroago, Simpsonek oztopatutako ostikada bati esker Axier Kortak entsegua lortu zuen; Simpsonek berak transformatu zuen (10-0). Une horretan lasaitu egin zen taldea eta jokua moteldu. Erasoko jokaldiak jarraipenik gabe geratzen ziren eta baloi jabetzak berehala aldatzen ziren. Markagailuak 10-0 erakusten zuela iritsi ziren atseenaldira.
Partidako unea.
Bigarren zatian eraosko bonusaren bila atera ziren Ordiziako jokalariak. Simpsonek markagailua 13-0 jartzea lortu zuen zigor kolpe bati esker. Sevillakoak, ordea, erasoari ekin zioten bigarren zatian eta entsegua lortu zuten. Manuel Mazok gauzatu eta transformatu zuen (13-7). Segituan kendu zizkion Ampo Ordiziak Cajasoli markagailuari buelta emateko aukera guztiak Phil Huxfordek gauzatu eta Simpsonek transformaturiko beste entsegu bati esker (20-7). 55. minutua zen eta bazegoan aukerarik erasoko bonusa lortzeko. Sevillarrek, baina, jokoa moteldu zutena euren jokamoldea ezartzeko. Azkenean, lortu zuten Ampo Ordizia nahastu eta erasoko bonusik gabe gelditzea.