«Gurasoek ikasketek lehentasuna dutela esaten didate eta arrazoia dute»
Patxi Aldanondok (Beasain, 1996) odolean darama txirrindularitza. Tradizioz datorkio, gainera, Xabier Aldanondo txirrindulari ohiaren semea baita.
Umetatik bizikletak ikusi dituzu etxean.
Hala da. Aita ONCE taldearen aritu zen eta anaia ere txirrindularia izan zen. Ni baino bi urte zaharragoa da anaia eta iaz utzi zuen txirrindularitza.
Lasterketa asko irabazi al dituzu orain arte?
Aurten Ormaiztegi, Oñati eta Asteasuko ziklo-kros lasterketak irabazi ditut, eta errepidean kadete mailan proba bat irabazi nuen. Modalitate guztietan moldatzen naiz ondo, baina gazte mailan ez dut lasterketarik irabazi oraindik.
Zein lasterketa atsegin dituzu?
Ziklo-krosa nahiago dut, baina lokatzetan eta lehorrean ibiltzen naiz gustura.
Aitak aholkurik ematen dizu?
Lasterketetara etortzen da, eta gogor entrenatzeko eta gauzak ondo egiteko esaten dit.
Nazioartean lehiatzeko aukerarik izan al duzu?
Aurten Belgikan egon naiz Euskadiko selekzioarekin, eta esperientzia polita izan da. Han ziklo-krosak hemen futbolak bezainbeste indar du. Txikitatik aritzen dira ziklo-krosean eta guk baino askoz ere teknika hobea dute. Hango lasterketak festa bat dira, eta familia osoa joaten da ziklo-krosa ikustera.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Datorren urtean 23 urtez azpikoekin aritu beharko nintzateke, baina ez dakit zer egingo dudan. Injeniaritza ikasteko asmoa dut eta ikasketak eta entrenamenduak uztartzea oso zaila da. Gurasoek ikasketek lehentasuna dutela esaten didate eta arrazoia dute.
Nola ikusten dituzu Jon Ander Intsausti, Alex Aranburu eta Pello Olaberria goierritarrak?.
Oso ondo. Gauza politak egiteko gai dira, eta ea zortea duten. Umetatik ezagutzen ditut eta onena opa diet.