Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskara elkarteak urteko batzarra egingo du ostiralean. Zuzendaritza berriak martxa hartu zuenetik hiru urte igaro direla eta, elkartearen aro berriaz hausnartuko dute ostiraleko bilkuran. Bide batez, 2014ari begira dituen asmoen berri ere emango die zuzendaritzak elkarteko bazkideei, eta tartean etzi martxan jarriko den otamotz.com atari berrituaz ere arituko dira.
Maialen Akizu urretxuarrak Mikel Laboa bertso sariketa irabazi du igandean. Lehiaketaren hirugarren edizioa egin da aurten, Donostian, Antigua auzoko festen testuinguruan. Bertsolari gazteei zuzendutako lehiaketa da, eta aurten sei bertsolarik hartu dute parte bertan, Doka Kafe Antzokian egin den saioan. Akizu «oso pozik» dago irabazitako sariarekin, eta ezustekoa izan dela aitortu du: «Gazteena nintzen eta ez nuen espero amaierara arte iristea».
Qalbi da Antzine Biain (Zumarraga, 1967) Palestinari buruz egindako bigarren dokumentalaren titulua; qalbi hitzak nire bihotza esan nahi du arabieraz. Biainek palestinarren «erresistentzia gaitasuna» betidanik miretsi duela dio. Dokumentalean hango eguneroko bizitza kontatu du. Palestinarrek eskaera bat egin ziotela dio, «europarrei etortzeko esan, hemen gertatzen ari dena bertatik bertara ikus dezaten». Dokumentala egin eta orain Euskal Herriko hainbat herritan zein hiritan erakusten ari da, palestinarren ahotsa zuzenean entzun dadin.