Etxegabetzeekin amaitzeko eskatu dute Ordizian
Goierriko Etxe Kaleratzeak Stop plataformak deituta, dozenaka lagun elkartu dira gaur goizean Ordiziako Kutxaren bulego atarian. “Posible da, baina ez dute nahi” eta gisako leloak ohiukatu dituzte. Etxegabetzeekin amaitzeko eskatu dute eta bankuei “lapurretan” aritzea egotzi.
Goierrin etxegabetze ugari gertatzen ari direla eta familia asko egoera “larrian” daudela salatu dute plataformako kideek. Beste hainbat herritaldetan egiten den gisan, hipoteken zorra etxea itzulita kitatuta gera dadin eskatu dute. Etxe ugari hutsik dauden bitartean, jendea etxerik gabe dagoela ohartarazi dute plataformakoek.
Gaurkoan Ordiziako bizilagun baten kasua salatu nahi izan dute etxegabetzeen aurkako plataformakoek. 2012ko otsailetik dabil borrokan Mariela Herrera etxea ken ez diezaioten. Sei lagun bizi dira etxe berean eta berak bakarrik egiten du lan. Etxearen jabetza dagoeneko Kutxarena den arren bertan bizitzen jarraitzen dute, bankuak ez duelako saltzea lortu. Horretaz gain, 123.000 euroko zorra izaten jarraitzen du Herrerak; berak erosi zuenean ordaindu zutena baino balio gutxiago eman diolako orain bankuak etxeari. Gaur hipotekaren zorra etxea itzuliz orainduta gera dadila eskatu du Herrerak Kutxako bulegoen; zorra barka diezaotela eta alokairu sozialean bizitzeko aukera izan dezala. Biharko Goierriko HITZAn argitaratuko da Mariela Herrerari egindako elkarrizketa.
Kasu honi eta gainontzekoei irtenbideren bat eman ahal izateko Etxe Kaleratzeak Stop plataformako kideak Ordiziako Udaleko ordezkariekin bildu ziren. Alokairu soziala sustatzeaz edo bankuek hutsik dituzten etxebizitzei irteeraren bat emateko egitasmoez hitz egiten aritu ziren.














