Ordiziako garbigunea
Sasieta Mankomunitateak hiri hondakinen kudeaketako 2013ko emaitzak eman ditu. Oro har, gaika bildutako hondakin kopurua %17,2 handitu da. Materia organikoaren bilketa bikoiztu egin da ia, %83 handitu da. «2013n egindako jauzia izugarria izan da», adierazi dute Sasietatik. Gaikako bilketan %46,6ko mailara iritsi da 2013an. Horrenbestez zabortegira zuzenean bideratutako errefusa %56,4 da; 2012an errefusa %66 izan zen. Azken hiru urteetan metatutako jaitsiera 6.765 tonakoa izan da; goierritar bakoitzeko urteko bilketa indizea 182 kilogramokoa da. Sasietako datuen arabera, hirugarren urtea da hondakinen sorkuntzak behera egin duela; jaitsiera 2.174 tonakoa izan da, hain zuzen. Datu orokorren zerrendan, azpimarragarria da goierritar bakoitzak eguneko sortzen duen hondakin kopurua: 0,887 kilogramo, 324 kilogramo urteko.