San Blas opila, otsailaren iragarle
San Blas ta Santa Agedako feriak, mutil neskatxen ezaupideak». Halaxe jaso zuen Gotzon Garatek atsotitzen liburuan. Laster etorriko diren data hauek bazuten nonbait inportantzia; negua etxean pasatu ondoren, berriz ere irteten hasteko aitzakia edo nonbait.
Kontua da San Blas opilek otsailaren etorrera iragarri dutela. Atzokoarekin bukatu ziren aurtengo urtarrileko feriak. Hilbeltza izan da bai zenbaitentzat, euriak baratzetan eragindako kalteak tarteko. Otsaila hasi orduko, San Blas (2an), Santa ageda (5ean) eta bezperan eskea. Egutegian marka gozoa jarri zuen atzo Maite Iturbe (Udanako ogia) okinak, San Blas opilak ekarri baitzituen. Euro eta erdian jarri zituen salgai. Postua ere erakargarria zuen oso; ondoan zuen arto opil egin berri berria ere lurruna zeriola ikus zitekeen.
Aspaldiko partez arkume dezente ekarri zuten atzo Ordiziara: 29 buru; baina baita aspaldiko prezio merkeenean saldu ere, 2,70 euroan, alegia. Artzain profesionalek bultzatuta, etxez etxeko bilketan 2,95 (+%10eko BEZa) euroan saltzen ari dira.
Valentziako mandarinak
Kanpoko produktuei begiratu bat emanez, laranjetan erreparatu dugu. Juan Carlos Costak azaldu digunez, «mandarina sasoia bukatzear da, bai behintzat zuzenean bildu eta saltzen dena, erabat ondu gabe bildu eta hozkailuan sartutakoak denbora gehiago iraun dezake».
Laranjak berriz, orain artekoak Navelinak ziren eta hemendik aurrera Navel lane late motakoak izango dira. «Hau da valentziarrei gehien gustatzen zaigun mota» zioen Costak. Hauekin batera, laranja Sanguina edo barnetik gorrixka den hori hasi da.
Azkenik, azalpen txiki bat joan zen astean argitaratutakoari buruz: hilberako arbolak hosto koxkaduna dutena dira eta hilberrikoak hosto lisokoak, Gaintzako Joxe Antonio Garmendiaren hitzak behar bezala jasoz, eta ez alderantziz , jarri genuen moduan.
- Aste honetako prezioak