Skate parkerako pasabideko lanak bukatzear, Ordizian
Hainbat hilabetetako lanen ondoren, zabalik dago dagoeneko Ordiziako Joseba Rezola pasealekua eta Lazkaibar lotzen dituen pasabidea. Hilaren hasieran ireki zuten Oria ibaia gainditzen duen pasabidea; skate parkeko erabiltzaileen segurtasuna ere bermatu dutela uste dute udal ordezkariek. Langileak oraindik lanean dabiltza bertan, azken ukituak ematen.
Atzo egin zuten pasabidearen lanetara bisita Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak. Egurenek eskerrak eman zizkion CAF enpresari “lan hauek egiterakoan azaldu duen jarreragatik”. Mugikortasun iraunkorraren bidean eta herritarren segurtasunaren bidean “beste urrats bat” egin dela nabarmendu zuen alkateak.
Iban Asenjo zinegotzia ere pozik agertu zen pasabide berri horrek oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari ematen dion bultzadarekin: “Pasabide berri hau irekita, Ordiziako bidegorri sarea CAFeraino eta Lazkaibarreraino eramatea lortu dugu, eta Ordizia eta Lazkao artean dagoen Beasaingo bidegorri zati motz bat faltako da lotura egiteko. Ordiziar guztiei, eta bereziki CAFeko langileei, lantokira oinez edo bizikletaz joateko deia egin nahi nieke”.
Ordiziako Udalak eta CAF enpresak 2008an sinatu zuten Upabi eremua antolatu eta urbanizatzeko hitzarmenaren barruan egindako proiektua izan da skate-parkea eta Lazkaibar ltozen dituen pasabidea jartzea, eta haren bueltako urbanizazio lan guztiak.