Arima handiko musikaria
Arimarekin jotzen du akordeoia Gorka Hermosa urretxuarrak. Musika barru-barrutik bizi duen horietakoa da, sortzen dituen piezen bitartez sentitzen duen hori transmititzea baita bilatzen duena. Horregatik, eta bere lanaren kalitateagatik, akordeoi jotzaile askorentzat erreferente da Hermosa mundu mailan. Bere estilo berezia eta pertsonala biltzen duen lan berria kaleratu berri du orain Heterodoxia izenburupean.
Disko berriaz galdetuta, eman zuen lehenengo kontzertuaren 25. urteurrena ospatzeko egin duen bilduma lana dela erantzun du Hermosak. Guztira, azken urteetan grabatutako hamazazpi abesti jaso ditu, tartean, «aurrez argitaratutako lanetan kanpoan geratu diren hainbat». Lagun onez inguratzen da beti Hermosa, eta azken lana ez da salbuespena izan. Azken 25 urteetan kolaboratzaile izan dituen musikari guztien artean aukeraketa egin eta «gusturen sentiarazi» dituen horiek aukeratu ditu disko honetarako, hamazazpi, abestiak bezala.
Izenari kasu eginez, disko berria erabat heterodoxoa da, aniztuna. «Musika garaikidea, tangoa, flamenkoa, folka, jazza, ganbara musika… aurkitu daitezke bertan. Denetarik, akordeoi jotzaile batengandik espero daitekeen hori izan ezik», zehaztu du Hermosak. Argitaratu dituen lan guztietatik «hobekien definitzen» duen lana da oraingoa. Aurrekoek ez bezala, ez diolako ildo jakin bati jarraitzen: «Aniztunagoa da, kanape txikiez osatutako menu bat bezala». Izan ere, estilo oso ezberdinetan aritzea da gehien gustatzen zaiona, «gozatzeko eta ikasten jarraitzeko».
Hermosak lehenengo kontzertu hura eman zuenetik mende laurdena pasatu da dagoeneko. Ikaslea irakasle bihurtu da, eta gaztetako ametsa betetzea lortu du: musikatik bizitzea. Une hura, dena den, «maitasun handiz» gogoratzen duela aitortu du musikariak. «Amaia Usabiaga akordeoi jotzailearekin batera jo nuen, baina ez dut gogoratzen ondo edo gaizki irten zen», dio, barrez.
Ikasle garaitik heldutasunera
Orduan hasitako bideak emaitza eta fruitu ugari eman dizkio urretxuar gazteari. Mundu mailan bere musikak aitorpen eta sari asko jaso ditu, baita kontzertu ugari egin ere. Besteak beste, hainbat agertoki musikari handiekin partekatzeko aukera eman dio akordeoiak. Bidean, azken lanaz gain, beste hiru disko ere argitaratu ditu: IlunaBar (2002an), Tangosophy (2006an) eta Flamenco Etxea (2011n).
Disko berriaren argitalpenarekin batera, beste hainbat proiektu ere baditu esku artean; izan ere, «saltsa askotan sartuta egotea» gustatzen zaion horietakoa ere bada. Martxoan, adibidez, lau eguneko kontzertu bira egingo du Txinan, «Pekingo Kontserbatorioko irakasle batek gonbidatuta». Izan ere, munduko akordeoilari askok jotzen dituzte Hermosaren lanak kontserbatorioetan, lehiaketetan edo kontzertuetan, tartean txinatarrak ere bai. Horregatik, bertan emanaldi batzuk eskaintzeko eta Master Class batzuk emateko gonbidapena jaso zuenean, ez zuen zalantzarik egin. Musikariarentzat «gozamena» izango da han jo ahal izatea.
Lehenengo aldiz joango da Hermosa Txinara: «Iaz Shangaira joateko gertu izan nintzen, baina ez nuen hango musika agentearekin akordio bat ixterik izan», azaldu du. Txina bezalako herrialde batek «asko erakartzen» duela dio, eta datorren urterako Shangairako bidaia egingo duen «itxaropena» gordetzen du oraindik. «Asko gustatuko litzaidake txinatarren kultura ezagutzea eta Pekinen eta Shangairen arteko ezberdintasunak ikustea eta sentitzea».
Herri Opera antolatzen dabil
Hala ere, Urretxu-Zumarragan datorren ekainaren 21ean egingo den Herri Opera izeneko ikuskizuna da azken hilabeteetan akordeoi jotzaileari ordu gehien kentzen dizkion proiektua: «Urtebete daramagu jada buru-belarri honetan; lan handia da, baina oso polita ere bai».
Hermosa ideiaren sortzailea, bultzatzailea eta antolaketa lanaz arduratzen ari dena da. Baina Herri Opera anbizio handiko proiektua da, eta «bi herrietako bostehun pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute bertan». Bi helburu nagusi ditu: «Herriko kultur ondarea balioan jartzea eta ezagutzera ematea eta kulturaren munduan dabiltzan herrikideei elkarrekin lana egiteko aukera bat eskaintzea».
Bi herrietan dauden kultur taldeen eta beren ibilbidea herritik kanpora egiten ari diren artisten —tartean aurpegi ezagun asko— arteko fusioa egingo dute. «Jon Plazaolak egingo du gidoia, Joseba Apaolaza, Barbara Rivas eta Josune Goenaga izango dira aktore nagusiak, Edurne Iturbek eta Jon Maiak egingo dute ikuskizunerako abestia, Jose Mari Aleman arituko da eszenografia lanetan, Julen Izagirre diseinuan, Iñigo Sbeltza bideoak egiten, Natalia Mora-Gil arduratuko da jantziez…». Eta horrela bostehun herritar baino gehiagoko zerrenda osatu arte.
Kontzertu birak eta gehiago
Norbanakoekin batera arituko dira bi herrietako musika taldeak, abesbatzak, txalapartariak, dultzaineroak, txistulariak, dantza taldeak, antzerki taldeak, argazkilariak, margolariak… Jende hori guztia harremanetan jartzeko eta kontaktua mantentzeko, Facebooken Urretxu-Zumarragako Artea izeneko gune bat ireki dute: «Vanessa Blazquezek eta biok herrikideek egiten dituzten kultur ekintzak zabaltzen ditugu bertan, besteak beste». Dagoeneko, 1.100 bat lagun batu dira Facebookeko profilera, eta egunero «mugimendu handia» izaten dela dio Hermosak.
Gainera, Txinako biraz gain Frantzian, Bosnian, Suitzan eta Espainian ere kontzertuak dauzka aurreikusita urretxuarrak, eta horiek prestatzen ere ibiliko da datozen hilabeteetan. Christine Rossi akordeoi jotzaileak bere lanekin grabatuko duen diskoa ekoiztuko du.
Ekainean, Malandro taldearekin beste disko bat grabatuko du eta Italiako eta Portugalgo zenbait musikarirentzako hainbat abesti ere egin behar ditu. Tartean, Santanderko Kontserbatorioan (Espainia) irakasle lanetan jarraituko du.