Konposta auzoan egiteko lehen gunea zabaldu dute Lazkaon
Lazkaon auzo-konposta egiteko egitasmoak astebete darama. Aurreko ostegunean, urtarrilak 23, zabaldu zuten herriko lehenbiziko auzo-konpost gunea. Irailean jarri zuten Lazkaoko Udalak eta Sasietak atez ateko bilketa sistema martxan, eta aukera horrekin konpostagailu komunitarioetara botatzen dute hondakin organikoa, lurgozo bihur dadin, ontzi marroia kalera atera beharrean.
Jose Lasa kaleko ertz batean kokatu dute auzokonpost gunea, Madalenako biribilgunetik San Prudentzio ermitaren aldera. Oraingoz hamar-bat lagunek parte hartzen dute, baina irekita dago. Izena eman beharra dago, udaletxean. Partaideei giltza bat emango diete, konposgailuen giltzarrapoak irekitzeko.
Etxean sortzen duten hondakin organikoa gunera eraman, han dauden bi konpostagailu handietako batera hustu, eta alboan dagoen produktu egituratzaile pixka bat bota eta nahastu egin behar da zertxobait. Arduradun bat izendatu dute bizilagunen artean, funtzionamendu egokia egiten dela gainbegiratzeko.
Lazkaon aurreneko auzo-konpost gunea da Jose Lasakoa. Udala gehiago jartzea aztertzen ari da, beste eremu batzuetan.
Garmendiak dimititu egin du
Aurreko osteguneko Ingurumen Batzordean, sail horretako zinegotzi Andoitz Garmendiak udalean duen kargua utzi egingo duela jakinarazi zuen. Arrazoi pertsonalengatik eman du dimisioa, Bildu taldeko Ingurumen zinegotziak. Laugarren alkateorde izendapena ere bazuen.
Azeari Andonegi alkateak aurreratu du Udalbatzan Garmendiaren tokia hartzeko ordezko pertsona bat prest dagoela. «Baina prozedura bat jarraitu beharra dauka izendapenak, eta bi hilabete iraungo du horrek».