Ordiziako EAJkoek 2014rako onartutako aurrekontuarekin ez daudela ados azaldu dute
Abenduaren 18ko osoko bilkuran onartu zituen Ordiziako udalbatzak 2014 urterako prestatutako aurrekontua Bilduren aldeko botoekin. Atzo, baina, EAJko zinegotziak onartu den aurrekontuarekin ez daudela ados azaltzeko prentsa agerraldia egin zuten. “Ezinezkoa zen onartzea, gure egiteko eragatik urruntzen direlako, gainera ez da gure aurrekontua”, zioen Jose Migel Santamariak. Era berean, aurrekonturako hainbat proposamen egin zituztela azaldu zuten. Oraingo udal gobernua aurreko legealditik datozen proiektuak garatzen aritu dela diote EAJkoek eta “geldialdi arriskua” ikusten dutela.
Irailean hasi zen udal gobernua aurrekontua lantzen. EAJrekin hiru bilera egin zituzten; hauek 11 ekarpen egin zituzten. Gobernu taldeak proposamenak aztertu eta aintzat hartu zituen. Irakurketa baikorra egin zuen abenduan Igor Egurenek EAJrekin egindako lanaren gainean: “Arrekontuak argi erakusten du udalaren jarrera irekia dela. Aurrekontuaren jarraipena egiteko adostasuna lortu dugu EAJrekin”.
Atzoko agerraldian, ordea, Santamariak “politika kutsua duten partidekin” ez daudela ados azaldu zuen. Zehaztearren, “presoen senideei ematen zaizkien diru-laguntzak” aipatu zituen. Era berean, “Udalbiltzako partida, irabazi asmorik gabeko erakundeentzako transferentzia, Zero Zabor edo atez atekoarekin zerikusia dutenak” gaineratu zituen.
Ongizate Sailean aurreikusitakoaren %70 besterik ez dela gastatzen ere salatu zuen Santamariak. Baita ere, Upabi eremuko lanengatik CAFi konbratzea dagozkion 304.000 mila euroko partida ez kobratzeak “zorpetze maila handitzea” bultzatu duela zioen.
Zabor bilketa sistema berriarekin ere ez daudela ados azaldu zuten EAJkoek: “Gizartea banatzeaz gain, zerbitzu kalitatean atzerapauso bat da, sakrifizioa eskatzen du eta sekulako errekurtsoak kendu ditu”.
EAJren proposamenak
2014ko aurrekonturako epe motz eta luzerako hainbat proposamen bultzatu zituztela azaldu zuen Santamariak atzoko agerraldian; udal gobernuak plangintzarik ez omen duela eta gabezia hori zuzentzeko asmoz. “Konsziente izanik dugun egoeraz eta hobeak iristen direnerako edo aukerak sortzen direnerako prest egoteko”, esan zuen EAJko zinegotziak.
Egindako proposamenen artean barne kudeaketari dagokionez, ‘Udal Eraginkor’ proiektua berreskuratzea eskatu zuten; hirigintzan, erdialdean aparkalekua egitea, Garagartza plaza estaltzea edo P21eko igogailuaren instalazioa berreskuratzea; eta kulturan, Nikolas Lekuonaren figuraz baliatzea, herriko kultur espresioak indartzeko. Era berean, azoka eta lehen sektorea indartzeko neurriak, eta merkataritza eta ostalaritzarako biziberre proiektuen beharra nabarmendu zuten.