Urretxuk kale garbiketa bere aldetik egitea onartu du udalbatzak aho batez
Kale garbiketa zerbitzua aurrerantzean Zumarragarekin batera ez egitea onartu dute Urretxun. Pasa den asteartean Zumarragan egin zen osoko bilkuran bezala, Urretxun atzo hala erabaki zuen udalbatzak aho batez.
Bi herriek elkarrekin kontratatu duten orain arte zerbitzu hau. Unai Badiola Urretxuko Hiri Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, “zerbitzuaren kostua, koordinazioa eta antolaketa Zumarragak hartu du bere gain %60an eta Urretxun %40an”. Proportzionaltasun hau bere horretan mantentzea “oso zaila” gertatu dela jakinarazi dute udal ordezkariek eta ez Zumarragan ez Urretxun ez zeudela jasotzen zuten zerbitzuarekin gustura. Hori izan da Badiolaren esanetan neurri handi batean bi udalak erabaki hau hartzera bultzatu dituen arrazoi nagusia.
Atzoko osoko bilkuran zerbitzu berria esleitzeko pleguak oinarri hauek biltzen ditu:
- Orain arten kontratatutako enpresak egin beharreko zenbait lan udaletxeko brigadak hartuko ditu bere gain aurrerantzean.
- Garbiketaren maiztasunari eman diote batez ere garrantzia. Epeak ondo zehazten saiatu dira orain arte arrazoi honengatik egon diren zenbait arazori irtenbidea ematearren.
- Elurteen kasuetarako udalak eta kontratatuko den enpresak koordinatuta lan egitea da helburua aurrerantzean.