Andrea Bella: "Euskal kultura lehen aldiz euskal etxera joandakoan ezagutu nuen"
Andrea Bella montevideoarrak Lazkaon bi aste igaro ditu, Maizpiden. Amerikako euskara irakasleentzako hobekuntza ikastaro bat egin du. Lehen aldiz etorri da Lazkaora, baina Internet bidez izan du harremana —eta eskola— euskaltegiarekin. Ez du euskal arbasorik edo jatorrik. 2008an hasi zen euskara ikasten, Uruguain. Gaur egun irakasle da, Montevideon eta San Jose eskualdean.
Zer lan egiten duzu Uruguain?
Ni Montevideon andereñoa naiz. Lau urteko umeekin lan egiten dut, eta gainera euskara klaseak ematen ditut.
Nola ikasi duzu euskara?
Lehenik nire ahizparekin ikasi nuen. Berak ere barnetegi moduan ikasi zuen, Argentinan. EGA lortu zuen, 2001ean egon zen Maizpiden. Ni 2008an programa batean sartu nintzen, lehen Nazioarteko Taldea izenekoa eta gero Euskara Munduan. Nire lehenengo irakaslea [on-line] Jon Urdangarin izan zen, Maizpideko zuzendaria dena orain, eta gero Dani Oiarbide. Haiek ziren gure tutoreak. Astero lan bat egin behar genuen, eta haiek zuzentzen zituzten.
Dena Internet bidez, ezta?
Bai. Gero, barnetegi moduan udan bi aste eta neguan aste bat elkartzen ginen hango ikasleak Argentinan, Uruguain edo Txilen, irakasleak izateko ginenak. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen programa hori, eta gure Euskal etxetik laguntza jasotzen dugu. Ez genuen ordaindu beharrik izan. Gure konpromisoa klaseak ematea zen.
Baduzu euskal jatorririk, edo bazenuen Euskal Herriarekin loturarik?
Ez. Montevideoko euskal etxe batean bazkari batera gonbidatu gintuzten ama, ahizpa eta hirurok. Joan, eta euskal dantzak egiten hasi ginen, 18 urterekin. Hortik atera zen kurtsoa egiteko aukera; lehenengo ahizpa joan zen, eta nik jarraitu dut. Orain, nire alabak ere txikitatik dantzatzen du euskal etxean. Bera ere sartuta dago. Euskal etxeetan ekintza asko egiten dituzte, euskal kultura zabaltzeko, hitz egiteko udalekuak egiten ditugu umeekin, euskara-ekintzak, dantzak… Lehen kontaktua euskal etxera joan nintzenean hartu nuen. Lehen, ezer ez nekien euskal kulturaz, euskaraz edo Euskal Herriaz.
Nola izan zen prozesua euskara irakasle izateko? Hizkuntza bera zen interesgarria zuretzat, lan egiteko aukera, giroa… zeren euskararen beharrik ez zeneukan Montevideon.
Ez, beharrik ez. Batzuk euskal abizena edo euskal jatorria dutelako joaten dira. Beste batzuei hizkuntza asko interesatzen zaie, arraroa edo zaila delako. Ikasle asko edadetuak dauzkat, jubilatuak, eta denbora librean ikasi nahi dute. Beste batzuek lan egiten dute, eta afizio bezala hartzen dute euskara.
Zure kasuan, noiz ikusi zenuen garbi euskara irakatsi nahi zenuela?
2008an, kurtso hori hasi nuenean, aukera egin nuen irakasle izateko. Hori izan zen konpromisoa. Niri irakastea gustatzen zait; orduan, ondo moldatzen naiz eta niretzat ere oso ondo dago: euskaraz dena errepasatzen dut. Erritmoa oso lasaia da.
Beste lanbide bat daukazu, ume txikien irakasle izatea.
Bai. Baina soldatak baxuak dira, eta orduan gehigarri bat behar da. Iaz, adibidez, lau ordu gehiago lan egin nuen, egunero, euskara ematen. Larunbatero, beste departamentu batera joaten nintzen, San Josera, klaseak ematera. Ordub eta erdi errepidean; zazpietan esnatzen nintzen eta bederatzi eta erdietan klasera. Igandea bakarrik geratzen zait libre. Baina gustura, ezagutzen ditut ikasle horiek eta gustura.
Denbora asko daramate zure ikasleek euskara ikasten?
Duela hiru urte hasi ziren. Batzuek utzi egiten dute, gero jarraitu… Inportanteena taldea da, eta ondo moldatzen badira geratzen dira. Duela hiru urte hasi ginen Argentinako Euskal Astera joaten, urtero, eta haiek oso pozik. Idazlan txapelketak daude, eta lehenengo aldiz irabazi egin genuen gure ikasle batek eta biok. Animoa ematen die horrek. Euskal kultura interesatzen zaie.
Zure familiakoek zer esaten dizute?
Ohituta daude jada, nire ahizparekin, bera hasi zen eta. Ez didate ezer galdetu, eta gure aukera izan da. Beste ikastaro bat da, niri gauzak ikastea gustatzen zait. Etxean, txakurrari dena euskaraz egiten diogu, bai alabak, bai gurasoek. Euskaraz egiten ez badiogu, ez du kasurik egiten [barreak].
Zer oroitzapen utzi dizu Lazkaok?
Itzultzeko gogoarekin noa, eta jarraitzekoarekin. Nik euskararen 1. Mailako proba bakarrik egin nuen. Duela bi urtetik Argentinan egin dezakegu; lehen Europan bakarrik atera zitekeen. EGA 3. maila da, eta falta zait. Orain ikastaroekin nabil, baina nire kabuz. Gramatikarekin jarraitzen dut, eta klaseak prestatzeko asko ikasi behar dut. Jarraitzeko asmoa badaukat, hori beti.