Bigarren errepublika, 36ko gerra eta gerraondoko argazki eta dokumentuak jasotzen ari dira Ordizian
Ordizian 36ko gerrak utzitako ondorioen gaineko ikerketa sakonik egin ez dela-eta, ordiziar talde bat garaiko testigantza eta dokumentuak jasotzen ari da orduko gertakariak gertutik ezagutu eta biktimak aintzat hartzeko. Hain justu ere, urtebete inguru daramate lanean Ordiziako Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Alde batetik dokumentu idatzi eta grafikoak jasotzen ari dira; bestetik, baita frankismoa euren azalean bizi izan zuten lekukoen testigantzak ere.
Helburua Ordiziako bizilagunen memoria historikoa berreskuratzea dute, biktimak aintzat hartzeaz gain. Hala, aurten, jasotako informazioarekin, dokumental bat eta liburu bat ekoitziko dituzte. Era berean, ekitaldi publiko eta instituzional bat ere egingo dute frankismoan jazarriak izan zirenen aitortza gisa.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko ordiziar guztien laguntza eskatu dute. Dokumentala lantzen gutxi barru hasiko direnez, bizilagunek etxean izan ditzaketen argazki, objetu edo edozein dokumentu ateratzeko eskatu dute. Otsailaren 9tik 28ra Barrena Kultur Etxera eraman ahal izango dira (9:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara) eskaneatu eta digitalizatu ditzaten. Ziur dira Ordiziako bizilagunen etxeetan argazki, razionamendu kartila, kartila militar, txapon eta beste hainbat dokumentu badaudela. Materialen bat eramaten duenak hala nahi izanez gero, anonimatoa mantenduko dute. Dagoeneko digitalizatuta dituztenek ordizia1936@gmail.com helbidera bidali ditzakete.