Mintzalaguna egitasmoa martxan jarri zela hamar urte betetzen dira aurten
Hamarkada bat igaro da jada, Urretxun eta Zumarragan Mintzalaguna ekimena errealitate denetik. Marijo Etxaniz Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegiko irakaslea da, eta Mintzalaguna egitasmoko koordinatzailea ere bai. Gogoan duenez, «proiektua 2004-2005 ikasturtean jarri zen abian». Ordu hartan kezka zegoen, «euskaraz ikasteko aukera egon bai, baina gero, kalean euskaraz hitz egiteko gunerik ez zegoela» ohartuta. Donostian Mintzalagun izeneko ekimen bat egon bazegoela eta, «bide horri heldu zioten Sebas Iturriotzek eta Maite Zalduak», orduko Urretxuko eta Zumarragako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko (EBPN) teknikariek.
Orduan hasitako bideak ez du etenik izan eta 15 partaiderekin hasitako proiektu hura 55 pertsonaz osatutako errealitatea da gaur egun. Etxanizek azaldu duenez, guztiek dute aurten zerbait ospatzeko eta horregatik, hainbat ekintza antolatu dituzte ikasturte amaierara bitartean. Hilaren 21era arte, adibidez, lehiaketa bat antolatu dute «maiatzean beste bat ere izango dugu», aurreratu du. Lehiaketa mintzalagunei zuzenduta dago eta galdera zehatz batzuei erantzunak aurkitzea da xede nagusia. Sari banaketa hilaren 28an egingo dute, urtero Mintzalagun guztiek elkarrekin egiten duten askarian.