
Honezkero data asko jarri baditu ere, Mikel Serrano Zumarragako alkateak Antioko Interpretazio Zentroa «udaberrian» inauguratuko duela adierazi du. Inauguraziorako «ez ohiko» arte erakusketa bat iragarri du, baina ez du zehaztapenik egin. Zentroaren inaugurazioarekin batera, bertan egin dituzten museoaren eta turismo bulegoaren ateak zabalduko dituzte, baita areto nagusiarenak ere. Udaberrian izango dela bai, baina orain artean ez dago data zehatzik. Taberna eta jatetxea martxan daude aurreko urteko irailetik, baina ordukoa ez zen inaugurazioa izan, irekiera baizik.
Serranok zentroa abenduan edo urtarrilean inauguratuko zuela esana zuen baina «garai horretan» ez dela museorik zabaltzen argudiatu du: «Guztiok dakigu museoen sasoi onena martxoan hasi eta azaro partean amaitzen dela». Dioenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak proiektua baloratu dute eta potentzial handia duela esan dute».
Taberna, berriz, irailean ireki zuten eta zentrora «jende asko erakartzen» ari dela esan du alkateak. «Harrituta gaude, negua izanda ere, erakartzen duen jende emariarekin. Ugazabak tabernatik zein jatetxetik harago doan eskaintza egiteko asmoa dauka». Alkatearen esanetan, «kanpokoentzat zein bertakoentzat ohikoa bihurtzen ari da».
Museoa ia prest
Antioko Interpretazio Zentroak Antioko ermitaren eta Zumarragaren historia hartuko duen museoa ere izango du. Museoko lanak «oso aurreratuta» daudela esan du alkateak: «Eszenografia jarri dute eta bideoak editatuta daude». Udalak, bere garaian, argazki zaharrak biltzeko deialdia egin zuen eta, Serranok esan duenez, museoa edukiz hornitzeko hainbat zumarragarri elkarrizketak ere egin dizkiete. Museoko erakusketaz gain, erakusketa ibiltariak ere hartuko ditu zentroak.
Hitzaldi gelari dagokionez, hornitu egin dute jada. Arkitektura proiektuan bozgorailurik ez bazegoen ere –arkitektoek berezko akustika sortu zutelako–, hiru jarri dituzte, «formatu txikiko kontzertuak egiteko aukera» emango dutenak.
Turismo bulegoa
Interpretazio zentroak turismo bulego baterako tokia ere badauka. Serranoren asmoa bulego honetan Goierri garaia bailara osoko informazioa ematea da, eta «horretarako mankomunitatean buru-belarri lanean» ari da. Urola Garaia mankomunitatean «bailarako ikuspegia Antion ematea» eskatzen ari da Serrano, «bailara osoan bisitari gehien jasotzen dituen gunea delako». Ikuspegi hori emateko, besteak beste, Burdinaren Ibilbidea, Aikur erle musoa eta Igartubeitiko informazioa banatuko dute; Inaziotar Bideari buruzkoa ere bai.
Adostasunik ez du lortu proiektuak, ez herritarrena ezta alderdiena ere
Antioko Interpretazio Zentroaren proiektuak egindako bidea bezain luzea izan da gaiak sortutako soka. Herritarren zati bat Antiguarekin plataforman antolatu zen proiektuaren kontra egiteko. Horrez gain, alderdi politikoen arteko ika-mikak ugariak izan dira, eta ez dute proiektuaren inguruko adostasunik lortu.
Herritar talde batek Antiguarekin plataforma sortu zuen 2007an. Antion arkitektura proiektu apalagoa nahi zutela aldarrikatu zuten.
Bideragarritasuna zalantzan
Plataformakoen kezka nagusienak eraikuntzaren tamaina eta Interpretazio Zentroaren bideragarritasuna izan ziren, eta hala, bideragarritasun plana behin eta berriro eskatu zioten Mikel Serrano alkateari.
Aurreko urteko irailean, interpretazio zentroko taberna zein jatetxea ireki zituztenean alderdien arteko desadostasuna agerian geratu zen. Zumarragako EAJko zinegotziak irekiera ekitaldira joan ziren, baina Antion bertan prentsaurreko bat eman zuten zentroaren inguruan dituzten desadostasunak azaltzeko. Adibidez, sukaldearen horniduran ezarritakoa baino diru gehiago inbertitzea egotzi zioten udalari. Bildu koalizioko kide bat bera ere ez zen egon tabernaren irekiera ekitaldian. PSE-EEren ekimena izan da Antioko Interpretazio Zentroa. Sozialistek gehiengo absolutua dute udalean.
Euskararen erabilerak harrotu ditu azken hautsak, eta tabernan gutxi erabiltzen zenaren salaketa bat egon zen. Udaleko euskara teknikariak «hobekuntzak» eragin dituela esan du alkateak. Hizkuntzari lotuta dagoen beste ika-mika zentroaren izena da. Oposizio osoak Antio izena lehenetsi du, baina udal gobernuak ez du orain artean izena zein izango den iragarri. Alkateak «adostutako izena» izango dela esan du.