Itzulian txirrindulariek igoko duten aldapa auzolanean prestatu dute, Gaintzan
Festaren aurretik, lana. Gaintzako eta Zaldibiako bizilagunek auzolanean garbitu dituzte bi herriak batzen dituen auzo-bidearen bazterrak. Larunbatean 30 bat lagun aritu ziren lanean, hamabost-bat gaintzar eta beste horrenbeste zaldibiar. Goiz osoa jardun zuten lanean, 08:00etatik 13:30a aldera arte.
Eguraldi petrala izan zuten halako langintzarako. «Eguraldia ederra ez zuen egin, baina lana dezente egin genuen», dio Gaintzako alkate Joxe Mari Garmendiak. Bide bazterretan ur-erretenak egin ahal izateko prestaketak egin dituzte. «Otsail bukaeran edo martxoan» hasiko dira bidea berritzeko lanak: erretenak atera, asfaltoa bota…
Izan ere, apirilean ospetsu bihurtuko da auzo-bide hori. Euskal Herriko txirrindulari Itzulian bi aldiz igotzekoak dira aldapa piko hori. Jose Luis Arrieta zegamar jatorriko antolakuntza buruaren taldeak Goierrin beste mendate edo malda piko bat aurkitu du, 2011n Antioko igoera Urrutitik gora (Zumarraga) edo 2013an Olaberriara Aranguren aldeko murrua bezala.
Zaldibia-Gaintza arteko auzo-bidea asfaltatzeko asmoa aspalditik zuen Gaintzako Udalak. Gaur egun hormigoizko zorua du. «Lehentasunezko obra zen guretzat, jende asko ibiltzen delako bide horretan Zaldibiara bueltan», dio Joxe Mari Garmendia alkateak.
Gipuzkoako Foru Aldunditik eta beste departamentu batzuetatik diru laguntzak lortu dituzte, eta aurten aukera izango da asfaltatzeko. «Guk, gure partetik, diruz askorik ezingo genuela lagundu eta, auzolanean lanak aurreratzea eskaini genuen». Hala, asfaltatu aurretik, errepide ertzeko ur-erretenak egin ahal izateko bazterrak garbitu dituzte.
Aurtengo aurkikuntza
Agerre eta Dendaletxe baserriak eta Zaldibia bitarteko auzo-bidea berritzeak berehalako onura ekarriko du. Apirilean jokatuko den Euskal Herriko Itzulia txirrindulari proban, Ordizia-Ordizia lehen etapan aldapa hori bi aldiz igoko dute txirrindulari profesionalek, Zaldibiako herri gunetik Gaintzara, zuzenean.
«Itzuliari ondo etorriko zaio bide hori berrituta egotea, eta guri ere bai, horren aitzakian gai hau asko mugitu delako», aitortu du Garmendia alkateak.
Aldapa pikoa eta luzea da, Antioko edo Arangurengo malda puskatzaileak baino gehiago agian. Luzeagoa, gainera. Zaldibiako Santa Fe kalean, Zubi-Ondo jatetxe albotik hasten da bidea.
Gaintzako herri gunera arte, denera 2.660 metro luze da. Baina lehen kilometroa erabat laua da, Urtesabel bailararen zokoan (Zaldibia). Arruegiko bidegurutzean hasten da benetako murrua.
Handik gora, Gaintza gaineraino 1,7 kilometro ditu aldapak. Agerre eta Dendaletxe baserrien pareraino (kilometro bat) hormigoizkoa da, handik gora, plazaraino, asfalto egokia du. Oraindik ibilbide ofiziala ez dute argitu antolatzaileek, baina Interneteko hainbat forotan bi aldiz igoko dutela diote, azkenekoa Ordiziako helmugara zuzendu aurretik. Itzuliko lehen etapa, Ordizia-Ordizia, apirilaren 7an jokatuko da, astelehenarekin. 150 bat kilometro izango lituzke, eta Gaintzaz gain, Larraitz eta Lierni igotzea ere aurreikusi dute.