«Herrian nire adinekorik ez dagoenez, beti segurarren batekin jokatu dut»
Iban Matxinandiarena (Zegama, 1996) Gipuzkoako pilotari onenen artean dago eta Federazioaren teknifikazio programan parte hartzen du. Dena den, profesionaltasuna urrun ikusten du eta bere helburua gozatzen jarraitzea da. Baita ikastea ere. Batxilergo Teknologikoa ikasten ari da Goierri eskolan.
Nondik datorkizu pilota zaletasuna?
Umetatik dut gustuko pilotan jokatzea, nahiz eta familian ez dagoen pilota zaletasun berezirik. Aita kirolaria da (Mikel Matxinandiarena), baina aizkoran aritu zen. Bigarren mailako txapelketa irabazi zuen eta lehen mailan jokatzeko aukera eduki zuen.
Zu ez al zara sekula aizkoran aritu?
Ez dut sekula aizkorarik hartu. Aitak irakatsiko didala esaten dit, baina pilotan buru-belarri nabil eta ez da une egokia. Egunen batean probatuko dut. Egia esan, probatzeko gogoa dut.
Noiz hasi zinen pilotan jokatzen?
Umetatik jokatzen dut, baina 8 bat urterekin hasi nintzen pilota eskolan. Futbolean ere jokatzen nuen, baina, egia esan, pilota nahiago dut. Izan ere, pilotan norberaren esku dago jokatu edo ez, eta futbolean entrenatzailearen esku. Zegaman nire adineko pilotaririk ez dagoenez, beti segurarren batekin jokatu dut. Azken lau urteetan, ia beti Iñigo Intsaustirekin aritu naiz. Aurrerantzean ez dut berarekin jokatuko, ni ere aurrelari hasi bainaiz.
Zein txapelketa irabazi dituzu orain arte?
Getariakoa, Leintz Gatzagakoa eta Lizarrakoa. Lizarran buruz buru aritu nintzen, lau t’erdiaren barruan. Txapelketa garrantzitsua da eta oso gustura gelditu nintzen. Leintz Gatzagako eta Getariako txapelketak, berriz, Iñigo Intsaustirekin irabazi nituen.
Nolako jokalaria zara?
Ez naiz kolpe askokoa. Indarra baino gehiago, teknika dut. Denborarekin kolpe gehiago hartzea espero dut. Dena den, dudanarekin moldatzen naiz.
Zeintzuk izango dira zure hurrengo txapelketak?
Doneztebeko (Nafarroa) txapelketa jokatzen ari naiz, Lasarteko Mikel Arangurenekin. Hilaren 22an finala jokatuko dugu. Zizurren (Nafarroa), berriz, lau t’erdikoa jokatzen ari naiz.
Tartaloetxe pilota elkarteko kidea zara. Zure adineko kiderik ez duzula eta, ez al duzu sekula taldez aldatzea pentsatu?
Ez. Federazioaren teknifikazio proiektuan parte hartzen ari naiz eta astean behin Donostiako Atano III pilotalekura joaten naiz entrenatzera. Merezi du, han gure mailako pilotariekin entrenatzeko aukera baitugu eta hala gehiago ikasten baita.
Profesional mailara salto egiteko esperantzarik ba al duzu?
Ametsa da. Esatea erraza da, baina… Garrantzitsuena gustura, serio, jokatzen jarraitzea da.
Tolosa anoetarrak ametsa bete du eta profesional mailan sekulako maila ematen ari da.
Tolosarena ikusgarria da. Izugarria da nola eman duen saltoa. Oso ondo ari da. Ea horrela jarraitzen duen.
Telebistako partidak ere ikusten al dituzu?
Partida guztiak ikusten ditut: ostiralekoak, larunbatekoak, igandekoak… Olaizola II dut gustukoena. Betidanik. Baita Irujo goian zegoenean ere. Bere burua eta kantxan nola mugitzen den gustatzen zait.
Nortzuk irabaziko dute binakako txapelketa?
Olaizolak eta Aretxabaletak. Albisu ere oso ondo dabil. Egun, atzelari onena dela uste dut. Finkatu egin da. Lehen baino askoz ere pilota gutxiago galtzen ditu.
Zer ari zara ikasten?
Batxilergo Teknologikoa egiten ari naiz Goierri Eskolan. Bigarren mailan nago. Datorren urtean Goi Mailako Ziklo bat egingo dut. Ez dut erabaki oraindik zer ikasiko dudan, baina nire helburua eskualdeko tailerren batean lan egitea da.