Irribarre bat nahikoa zen
Aiorari ez zaio Pablo gustatzen; Pablok ere ez dio ondo begiratzen Aiorari. Fina da Aiora, pinpirina. Burugogorra eta berekoia Pablo. Batak amaren hilobia eta besteak senarrarena bisitatzeko aitzakiarekin, hilobian egiten dute topo. Badirudi ezberdinak diren bi munduak ez dagoela elkarren alboan jartzerik. Begirada batek, ordea, dena aldatuko du. Barre leun bat nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko.
«Maitasun istorio batek aurrera egin dezakeela kontatzen da, edozein zailtasuni aurre eginez. Bi pertsona oso ezberdin direnean ere aurrera egin dezakeela; nahi badute behintzat, posible da». Hala dio Aitziber Garmendia aktoreak (Zaldibia, 1982). Aioraren rolean buru-belarri dabil azken asteetan.
Eta agertokian ondoko tipoa du Iker Galartza (Amezketa, 1977). «Gustura» dabil Galartza Pabloren rolean: «Maitasun istorioa da, baina ez gaztetxo batzuena. 40 urteren bueltako bi pertsona maitemintzen dira, baina bakoitzak bere bizia du… Sokatiran bezala arituko dira, guztia nola bideratu erabakitzeko».
Zalantzarik gabe, umore kutsuarekin datorren antzezlana da Ondoko hilobiko tipoa. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, komedia erromantikoa da Aiorarena eta Pablorena. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Maila sozial eta kultura ezberdinak aurrez aurre jarriko dituzte. Ezinezkoa litzatekeena posible egiten duen istorioa da.
Urtarrilaren 10ean Andoaingo Basteron estreinatu zutenetik, herriz herri dabiltza emanaldiak egiten. Euskal Herrian zehar emanaldi ugari izango dituzte, euskaraz zein gazteleraz. Burgoseraino (Espainia) ere eramango dute antzezlana. «Bi hizkuntzetan ari gara, eta bietan natural aritu behar da», dio Galatzak.
Antzokiak barre algaraz betetzen dabiltza. Kartelean Garmendia eta Galartza ikusita pentsatzekoa da barrez lehertzeko moduko komedia baten aurrean dagoela ikuslea. «Eseri orduko hasten da jendea barrez», dio Garmendiak. Barrez ari ez direnean ere, irribarrez daude ikusleak. «Gaur egungo garaietan, ostiral gau batean ogitarteko bat afaldu eta jendeari barre eragitea asetzeko moduko lana da», dio Galatzak.
Gustura daude bi aktoreak antzezlana izaten ari den harrerarekin. Andoaingoa ez ezik, Gernikako, Sopelako eta Erandioko (Bizkaia) antzokiak bete dituzte. Berezia, ordea, Zaldibiakoa izan zen Garmendiarentzat: «Bertakoa izanda izugarrizko harrotasuna sentitzen da; zenbat jende joan zen ikustera! Pasilloa eta dena bete-bete eginda…». Galatzaren arabera ere etxean antzeztea berezia da. Hala ere, familiakoak jarraitzaile onak dituzte, eta autoa hartu eta joaten dira hara eta hona ikustera.
Biak umore lanetan aurpegi ezagunak diren arren, Ondoko hilobiko tipoa lanarekin egin dute lehenbizikoz topo agertokian. Asmoa ikusleei barre eragitea badute ere, entseguetan barrez lehertu direnak eurak izan direla aitortu du Garmendiak: «Terapia bat izan da». Beren neurrira egindako pertsonaiak jantzita, agertokian ere begi bistakoa da bi aktoreen arteko kimika.
DATOZENAK
Martxoa
- 7, ostirala. Ordizia
- 21, ostirala. Tolosa
- 26, asteazkena. Eibar
- 11, ostirala. Elgoibar
- 13, igandea. Gabiria
- 25, ostirala. Donostia
- 26, larunbata. Donostia
- 27, igandea. Donostia
- 25, larunbata. Astigarraga