Ainhoa Irastortza ordiziarra aske geldituko da
Zortzi urteko espetxe zigorra osorik beteta, bihar irtengo da Valladolideko espetxetik Ainhoa Irastortza. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako auzian epaitu zuten ordiziarra eta zortzi urteko zigorra jarri zioten.
Baltasar Garzon epaileak 2001ean legez kanpo utzi zituen Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Askatasuna erakundeak. Hasiera batean 27 lagunen aurkako neurriak hartu zituzten. Tartean Ainhoa Irastortza bera atxilotu eta behin behinean espetxeratu zuten; hiru urte eta zortzi hilabete egin zituen.
2008 urtean egin zen auziaren epaiketa Espainiako Audientzia Nazionalean. Orduan, Teresa Palacios epaileak amnistiaren aldeko mugimenduak azken 30 urtean egindako salaketa eta elkartasun lana ETArekin zerikusia zuen “diseinu politiko” baten ondorio zela ebatzi zuen. Auzipetuei hamar eta zortzi urteko zigorrak jarri zizkien.
2009ko urrian Ertzaintzak atxilotu zuen Irastortza Ordizian zigorra osorik bete zezan. Lau urte eta lau hilabete egin ditu bigarren espetxealdi honetan. Bihar goizean aterako da kondena osorik beteta. Auzi berean zigortu eta espetxeratu zuen Juan Mari Olano gaintzarra ere; udaberrian irtengo da.