Beasaingo EAJ-PNVk Bista Alaiko kasua epaitegietara eraman dezan eskatu dio "Sorturi"
Beasaingo EAJ-PNV alderdiak prentsaurrekoa egin zuen joan den ostegunean, “Bista Alaiko kasua epaitegietara eraman dezala” eskatuz “Sorturi”, Bista Alai eremuan 2001etik 2011ra bitartean egindako kudeaketak argitzeko. Hori horrela egin ezean, “guk geuk joko dugu epaitegietara”, azaldu zuten, prentsaurrekora agertu ziren aurreko legealdietan Beasaingo EAJ-PNV alderdiko alkate eta zinegotzi izandakoek.
“Zortzi hilabete pasa dituzte txosten juridikoa egiten eta horretarako Sortuko abukatu batzuk kontratau dituzte. Gure ustez, txostenak ez du heldulekurik” esan zuen Jose Antonio Imaz, alkate ohiak. “Sortuk, erabilera politikoa eginaz, auzi hau hauteskunde garaira arte luzatu nahi du, bitartean EAJ-PNV susmopean edukiaz”.
2013ko ekainaren hasieran egindako hirigintza batzordean, orduko alkate zen Patxi Plazaola eta Aitor Aldasoro zinegotzia “jomugan” jarri zutela, korporazioko gainontzeko zinegotziak “engainatu” zituztela, udal teknikari eta hirigintza batzordearen “bizkar jokatu” zutela eta Bista Alaiko etxe jabeei 230.243,56 euro “oparitu eta herria kaltetzeaz akusatu” zietela azaldu zuten. Honen harira, honela gaineratu zuten: “Zortzi hilabete dira Sortuk, Bista Alai eremuan 230.243,56 euro falta dira lelopean Koldo Agirre alkateak eta Aitor Larburu zinegotziak emandako prentsaurreko bidez mediatikoki bere egur ematea ahsi zutenetik”. Ondorengo asteburuetan kalean agertu ziren kartelak eta pintadak ere gogoan izan zituzten, “garai berrietan, jarrera zaharrak” gaineratuz.
Orain, “Sortuko abokatu talde batek” txosten juridiko bat prestatu duela azaldu zuten, “eta, bertan, Patxi Plazaola alkate ohiaren aurkako prozesua jarri nahi dute martxan”, diote Jeltzaleek. “Pasa den astelehean, hilabetetik gora txostena gordeta euki ondoren, 2013ko abenduaren 26ean sinatutako txosten juridikoa aurkeztu zitzaigun”, zioen Imazek. “Agerian da, lehentasuna propaganda eta arerio politikoa egurtzea dela, gertatutakoa argitzea baino”.
Legegintza hasi zenetik “eguneroko lan eta arazoei heldu beharrean, atzera begirako politika izan du lehentasun gobernu talde honek. Zenbat ordu, txosten eta diru gastatu da aurrekoen hutsegiteren bat bilatzen?” galde egin zuten.