Larunbatean Urtzi Gurrutxaga futbolari ormaiztegiarra omendu zuten Tolosan
Eguraldi txarra egin zuen arren, jendetza bildu zen larunbat arratsaldean Tolosako Berazubi futbol zelaian Urtzi Gurrutxaga jokalari ormaiztegiarrari omenaldia egiteko. Ohorezko aurreskuaren ondoren, gurasoek Tolosa taldeko jokalari guztiek sinatutako kamiseta jaso zuten. Lesakako Beti Gazte taldekoek, berriz, lore sorta bat eman zieten. Urtziren aitak, Jon Gurrutxagak, jokalari guztiak besarkatu zituen banan-banan. Ondoren, bi taldeek bertso bat abestu zuten Urtziren dohainak goraipatuz. Partida hasi aurretik, Tolosako jokalariek Urtzi kapitainaren besokoa bere argazki handi baten gainean jarri zuten eta minutu bateko isilunea egin zuten. Partida Tolosakoek irabazi zuten (3-0). Gol bakoitzaren ondoren, zerua seinalatu zuten.