Autobus zerbitzua ugaritu eta loturak egokitzeko eskatu dute goierritarrek
Gipuzkoa mailan eta herrietan autobus zerbitzua hobetzeko foru aldundiak abian duen partaidetza prozesuaren lehen fasea bukatu da. Urrian eta azaroan Goierrin herrika egindako bileretan jasotako eskakizunak, iritziak eta proposamenak jaso dituzte. Guztira 243 goierritarrek parte hartu dute, nola 21 bileratan, hala ekarpenak postontzietan utzita.
Orokorrean, Gipuzkoa guztiko proposamenak laburtzerakoan, bost eskari edo gabezia agerian utzi dituzte herritarrek. Autobus zerbitzuen informazioa hobetu beharra ikusi dute, papereko ordutegiak «modu ulergarriagoan» argitaratuta eta geltokietako informazio-panelak hobetuta.
Funtzionaltasunari dagokionez, autobusen arteko lotura hobetzeko eskatu dute bileretan, leku batetik bestera joateko bi autobus hartu behar direnean euren artean koordinatzeko. Bestetik, asteburuetako gauetan edo herrietako jaietan zerbitzua maizagotu beharra ere eskaera orokorra izan da, batez ere gazteen eta haien gurasoen aldetik.
Gazteek beste arlo bat indartzeko ere eskatu dute: ikastetxeetara edo hiriburuetako unibertsitateetara joateko loturak gehitzea eta ordutegiak ikasleen beharretara moldatzea.
Goierrin, Zumarragako Ospitalera joateko aukerak koordinatzea eta autobus lineak haraino luzatzea ere mahai gainean jarri dute erabiltzaileek.
Herri txikiek «zerbitzu gutxi»
Goierriko bileretan, eskualdeko egoerari dagozkion kezkak eta hobetu beharreko alderdiak ere nabarmendu ditu aldundiak. Herri txikietan «oso zerbitzu gutxi» dagoela esan dute goierritarrek. Herri handiagoetara lotura hobetzeko eskatu dute, «autobus azkarren» edo lantzaderen bidez. Herri txikietan, minibusak, furgonetak edo neurri txikiko ibilgailuak erabili litezkeela ere jaso dute.
Gainontzeko garraio publikoekin batera jarduteko beharra ere atera da, bai beste autobus linea batzuekin, bai trenarekin. Goierrin, autobusek ordutegiak eta zerbitzuak errespeta ditzaten eskaera ere jaso dute prozesuaren arduradunek, «batzuetan ez omen direlako errespetatzen».
Eskualdeko herri handietan —Ordizia, Beasain eta Lazkao aipatu ditu aldundiak— «hiruki bat» osatzea eta maiztasun handiko zerbitzua jartzea ere proposatu dute herritarrek.
Aldundiaren Gipuzkoa herritarrekin egitasmoko zati da garraioa hobetzeko prozesua. Lau fase ditu, herritarrekin bi bilera sorta eginda. Lehen saioan ekarpenak eta proposamenak bildu, eta txosten teknikoa idatziko du aldundiak orain. Atzera herritarrei aurkeztu, eta azken xehetasunekin edo doikuntzekin behin betiko garraio plan proposamena osatuko dute.
Bileretan, autobus zerbitzuaren zortzi atal jorratu dituzte, lehendabizi gaur egun zer egoera dagoen zehaztuz, eta ondoren arlo bakoitza hobetzeko proposamenak jaulkiz. Mugikortasun ohiturei dagokienez, herritarrek autobusak «gehiago» erabili beharraren autokritika ere egin dute, hainbat herritan «zerbitzu publikoa desager ez dadin».