«Aurrezten ari naiz, udaberrian ahariek sei bat jokotan parte hartuko baitute»
Joxe Mari Mujikari (Gabiria, 1946) ahari-jokoa asko gustatzen zaio. Azpeitiko zezen-plazako saioetan parte hartzen du, eta lehia asko irabazi ditu.
Nolatan halako zaletasuna?
Aita zenak ahariak zituen eta berarekin zaletu nintzen. Ahari onak zituen arren, ez zuen asko jokatzen. Onenak saltzen zituenean haserretu egiten nintzen. Mundu honetan aritzeko apur bat jokatu beharra dago. Ni dagoeneko ohituta nago.
Zenbat ahari dituzu?
Hamabost bat.
Zer jaten dute?
Artirina, pulpa, babak, ardotan bustitako ogia…
Non ibili zara ahariekin?
Eibarko eta Tolosako zezen plazetan asko jokatzen zen. Egun, Azpeitiakoa da plaza nagusia. Dena den, ez da lehen bezainbeste jokatzen. Diru gutxiago dago eta… Asko kostatzen da jendeak dirua jokatzea.
Zenbaten behin egoten dira ahari-joko saioak Azpeitian?
Denboraldia apirilean hasiko da. Apirilean, maiatzean eta ekainean, igande arratsaldero jokatuko dugu. Urrian, azaroan eta abenduan berriro jokatuko dugu. Arratsaldero lauzpabost joko egoten dira eta ahariek elkarri lau kolpe ematen ez badizkiote, nagusiek ez dute sarrerengatik lortutako dirutik ezer kobratzen. Bestalde, egun ahariek ihes egiteko aukera dute. Ez da galdutzat ematen. Hori bai, bi minututan kolperik jotzen ez badu, galtzailetzat jotzen da. Udan jai egiten dugu, plaza okupatuta egoten baita.
Nola lotzen dituzu saioak?
Saio batean lotzen dugu hurrengoa.
Ahari onak al dituzu?
Jokatu gabeko bat dut, eta horrek sustoren bat emango du. Sekula ezagutu dudan onenetakoa da. Datorren udaberrian nire ahariek sei bat jokotan parte hartuko dute, eta orain dirua aurrezten ari naiz.
Jende asko joaten al da ahari-jokoak ikustera?
150 bat lagun. Mendizabalen aurka jokatu nuen batean, duela 20 bat urte, 2.000 lagun elkartu ziren Azpeitiako zezen-plazan. Jendea sartu ezinik gelditu zen. Historikoa izan zen. Ahari-jokoez batere ez dakien jendea ere joan zen.
Nork irabazi zuen?
Mendizabalek. Berea akerra zen eta nirea ahari garbi-garbia. Akerrak adar bihurriak zituen eta hark aurkariari aurpegia ebakitzen zion. Plazara sartu baino apur bat lehenago jakin nuen.
Duela urte batzuk Zumarragan erakustaldiak egiten zenituen.
Agiña auzoan egiten genituen. Baina egun dena bekatu dute eta… Dena den, ez dut sekula animalien babesleekin arazorik izan. Azpeitin udalaren babesa dugu.
Nondik ekartzen dituzu ahariak?
Denak etxekoak dira. Mufloi mestizoak dira. Egungoen aitona oso ona zen.
Ahariei izenik jartzen al diezu?
Bai. Aitona hark, adibidez, Tyson zuen izena. Izan ere, hankamotza zen, Tyson bezala. Beste bati Turbo izena jarri nion. Izan ere, hankaluzea eta oso azkarra zen. Akerrek bezain azkar egiten zuen korrika.
Zein dohain behar ditu ahari on batek?
Garrantzitsuena, buru ona izatea da. Bestalde, hanka luze samarrak edukitzea ere garrantzitsua da. Hankamotzek gutxiago korritzen dute. Abiadura hartzerako, besteek sekulako kolpea ematen diete.
Dopinik ez al da egoten?
Hauei oraindik ez diete kontrolik egiten. Paperak zuzen edukitzea eskatzen digute.
Nola entrenatzen dituzu ahariak?
Batzuek korrika egiteko makinan jartzen dituzte. Nik ez. Nik traktorean eramaten ditut. Traktoreak atzealdean kaiola bat du eta bi jartzen ditut aldiko. Batzuek ez dute korrika egin nahi, baina atzeko egurrak ipurdian jotzen dienean korrika egitea beste aukerarik ez dute. Bi egunean behin ateratzen ditut korrika egitera. Lau bat kilometro egiten dute aldiro: Gabiriara, Zumarragako ospitale aldera… eramaten ditut.