Bi lagun atxilotu dituzte Beasainen enpresa batean erremintak eta kobrea lapurtzea egotzita
Atzo goizean, ertzain-etxeko agenteek 22 urteko bi gazte atxilotu zituzten Beasainen, Anoetako enpresa batean erremintak eta kobrea lapurtzeagatik. Ebatsitako materialaren balioa bost mila eta sei mila euro artekoa da. Atzo goizeko bederatziak aldera, Beasainen prebentziozko dokumentazio-kontrol bat egiten ari ziren Ertzaintzako agenteak ohartu ziren furgoneta bateko gidariak noranzkoz aldatu zuela polizia bertan zela ikustean. Zertxobait geroago, beste patruila batek ibilgailua geldiarazi eta barruan zihoazen bi gazteak identifikatu zituen. Barrualdea arakatu ostean, agenteek antzeman zuten zenbait erreminta-kaxa zeramatzatela, baita brontzezko materiala ere, guztia olana baten azpian estalita, lehen begi-kolpean ez ikusteko moduan.
Materialaren jatorria egiaztatzeko izapideak egin ostean, aurreko gauean Anoetako enpresa batetik ebatsi zutela jakin zuten. Enpresako arduradunaren esanetan, materialaren balioa bost mila eta sei mila euro artekoa zen. Gertakariak egiaztatu ostean, atxilotu egin zituzten bi gazteak, indarrezko lapurreta-delitu batengatik.