Euskal familiaren mahaia
Euskal Herrian, familia giroan zein lagunartean, gutxi dira hordago eta mus hitzak entzun gabeak. Eta musean bakarka jokatu ezin denez, joko hori beti izan da jendea batzeko lokarri. Euskal Herriko Mus Txapelketak, elkartzeko nahia ardatz hartuta, euskaldunak batzeko darabil musa, eta, zinez, korapilo sendoak egiteko gai izan dira, egun, txapelketako mahaiaren bueltan, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako euskaldunez osatutako familia handia ari baita jokoan. Bihar, hain justu, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko da Orion.
Euskal Herriko Mus Txapelketaren seigarren edizioa da aurtengoa; alabaina, egungo txapelketaren aurrekaria zenbait urte lehenagokoa da. 2002an hasi zen Segurako Iparra-Hegoa elkartea Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen. Lehen txapelketa hura gaur egungoa baino xumeagoa bazen ere, orduan oinarri zituen balioei eusten die oraindik.
Xabier Albizu segurarrak ondo baino hobeto gogoratzen ditu lehen pauso haiek: «Iparra-Hegoan iparraldeko jendea ere bada, eta horiek musaren bidez zazpi herrialdeetako jendea elkarrekin jokoan jartzea planteatu zuten». Hain zuzen ere, Gerard Urrutia urruñarrak proposatu zuen hori. Albizuren hitzetan, «nahiko sinbolikoa zen hura, eta azpiegitura ez zen oso handia. Parte hartzaileak ere ez ziren orain bezainbeste. Gaur egun, 2.000 partaide inguru izaten dira, baina, orduan, kopuru horren laurdenak parte hartzen zuen».
Garai hartan, Orreaga fundazioak Nafarroan antolatzen zuen mus txapelketa bat. Gerora, fundazio horrek Bai Euskal Herriari dinamikarekin eta Iparra-Hegoarekin bat egin zuen; eta hiru elkarteen artean, Euskal Herri osoko muslariak biltzeko gunea sortzeko konpromisoa hartu zuten. Urrutiak planteatu bezala, zazpi herrialdeetako muslariak herri gisa aritzeko eta lotzeko egitasmo txiki bat zabaltzeko ardura hartu zuten.
Xabier Albizu (EHko Mus Federazioko kidea): “Txapelketaren helburua Euskal Herriko zazpi herrialdeetako jendea ekartzea da” “Txapelketan parte hartzen duenak ekarpena egiten dio hain gurea den joko honi”.Hala hasi ziren gaur egun hainbeste muslari biltzen dituen mahai handiari forma ematen. Gerora, Euskal Herriko mus federazioa eratu zuten hiruren artean. Harrezkero, federazio hori arduratzen da txapelketa antolatzeaz, eta bistan da lanak ondo egin dituztela, urtez urte arrakastatsuagoa bilakatzen ari baita. «Batasun nahia» Askok hala pentsa balezake ere, Euskal Herriko Mus Txapelketa ez zen inoiz kartetan aritzeko bilgune soila izan, beti izan zuen bestelako helbururik. Hori dela eta, jendeak parte hartzea beharrezkoa eta pozgarria den arren, kopuruari garrantzia kentzen dio Albizuk, eta horren guztiaren azpian dagoen «batasun nahia» nabarmendu du. Izan ere, haren hitzetan, txapelketaren benetako helburua «musaren inguruan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako jendea elkartzea da, gero 2.000 edo 4.000 izan parte hartzaileak, hori bigarren mailako kontua da». Xedea hasieratik izan zuten oso argi, baita hori lortzeko baliabidea ere: musa. Litekeena da, ordea, muslaria ez denak galdetzea zergatik aukeratu zuten musa. «Gerard Urrutiak, muslaria bera, musa jatorri euskalduna duen jokoa dela nabarmentzen zuen; gero esportatu dena, tartean, diasporara, gure aurrekoek kanpora joan behar izan zutenean. Herrialde horietan eta iparraldean asko jokatzen dela zioen; beraz, zergatik ez erabili joko hori gure asmoa gauzatzeko?», dio Albizuk. Txapelketaren egitura Nazio mailako txapelketa izanik, nahitaezkoa da ondo egituratzea. Hori dela eta, Euskal Herriko Mus Txapelketa hiru fasetan egituratua dago. Lehena herrietako fasea da. Gipuzkoaren kasuan, 75 bat herrik parte hartu dute aurten. Herrietako lehian ez da sari berezirik izaten: «Herri bakoitzean tabernariek edota dendariek zerbait eman dezakete, baina antolakuntzaren aldetik ez da saririk izaten; bai, ordea, partaide guztientzat ardo botila bana». Bigarren fasea herrialdeetakoa izaten da, eta fase horretan aurrekoan onenak izan direnak lehiatzen dira. Fase horretan ere ez da dirutan saririk izaten, baina aurrekoan ez bezala, sari sinbolikoak izaten dira, hala nola txapelketarako bereziki egindako garaikurrak eta txapelak. Azkenik, final nagusian lehiatzen dira sailkatuak, eta han, sari handiak izaten dituzte. Irabazleek 3.000 euro eta Kariberako bidaia jasotzen dute. Txapeldunordeek, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetarako bidaia, eta hirugarren sailkatuek, 750 euro eta asteburuko egonaldia Atxaspi hotelean (Lesaka). Horiek ez ezik, bosgarren postutik hamaseigarrenera bitartekoak ere saritzen dituzte. Arestian esan bezala, hasieran, Iparra-Hegoa elkarteak antolatzen zuen txapelketa. Horregatik, garai hartan, hainbat urtetan Seguran jokatu izan zen final nagusia. Orain, ordea, ez da urtero leku berean izaten. Aurtengoa martxoaren 8an izango da, eta Nafarroa Beherean jokatuko da, Heletan. Lekuan lekuko ohiturak Hamabi urte igaro dira, baina oraindik bizirik dirau Iparra-Hegoa elkarteko kideek zazpi herrialdeetako euskaldunak biltzeko xedez abian jarri zuten mus txapelketaren ametsak, eta tinko, gainera; nahiz eta, noski, egitasmo gehienetan gertatzen den moduan, zenbait «eztabaidatxo» ere izan dituzten. «Adibidez, musean lau erregerekin edo zortzirekin jokatu. Araban eta Bizkaian zortzirekin asko jokatzen da, eta iparraldean, berriz, ez dute inoiz zortzirekin jokatzen. Hori ikusirik, herrietako fasean ohitura duten bezala jokatzea erabaki zen, laurekin zein zortzirekin; baina herrialdeko fasean eta final nagusian, laurekin». Hizkuntzak ere sortzen ditu batzuetan egoera bitxiak: «Arazo txiki batzuk izaten dira batzuetan hizkuntzarekin, denek ez baitakite euskaraz». Baina arazo horiek ez dute buruhauste handirik eragiten; izan ere, Albizuren hitzetan, musak baditu konponbideak: «Musean imintzioak ere erabiltzen dira, baita hizkuntza internazionala ere; beraz, beste komunikazio mota batekin konpontzen dira arazoak», zehaztu du. Zailtasun txiki horiek ez dute eragozpenik eragiten parte hartzaileen artean, eta Albizuk argi dauka esperientzia ederra dela txapelketakoa. Horrenbestez, muslariak parte hartzera animatzen ditu: «Merezi du esperientzia honetan parte hartzea. Mus jokoarekin jokalari bakoitzak, apalki bada ere, Euskal Herria osatzen laguntzen du». Horrez gain, «esperientzia bikaina da herrialdeko final batera edota final nagusi batera joatea, horretarako egun osoa hartuta». Bestalde, Albizuren iritziz, «ohiko mus txapelketak azkarrak dira. Horietan, sarrera kopuru jakin bat izaten da, partaide kopuru zehatza, eta bukaeran irabazleek diru jakin bat jasotzen dute, eta akabo». Haien filosofia bestelakoa da: «Ez da hori, ez da diruarena; txapelketan parte hartzen duenak ekarpena egiten dio hain gurea den joko honi, eta zaletasun bera duen Euskal Herriko jendea ezagutzeko aukera izaten du». Iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen batzeko nahiak bultzatuta jaio zen txapelketa mahai txiki baten bueltan, 2002. urtean. Harrezkero, mahaia hazi eta aldatu egin da, eta gero eta gehiago biltzen dira bertara. Baina ezbairik gabe, Albizuk adierazi bezala, aulki kopuruaz harago, garrantzitsuena mahaiaren inguruan biltzen den familia da, «zazpi herrialdeetatik etorritako senideez osatutako familia bateratua».