Gizon bat atxilotu dute Beasainen, ustez ume bati sexu erasoa egin diolako
Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak gaur Beasainen, ustez adin txikiko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik. Beasaingo Udaletik jakinarazi dutenez, erasoa eguerdian izan da, Igartza auzo inguruan, eta bizilagunei esker gizonezkoa atxilotzea lortu dute ertzainek. Herrian gertatu den erasoa salatzeko, elkarretaratzea egingo du Asmube elkarteak astelehen arratsaldean, 19:00etan, Loinazko San Martin plazan.
Bestalde, Beasaingo Udalak “herrian izandako eraso sexistaren aurrean bere gaitzespena eta salaketa” adierazi du, eta Asmubek egindako deialdiarekin bat egin du. Herritarrei elkarretaratzera joateko eskatu die. Erasoa jasan duen neskari eta hurbilekoei elkartasuna ere adierazi die udalak.
Instituzioen ardura
Beasaingo Udalaren arabera, “instituzioek ardura berezia” izan behar dute “genero indarkeriatik eratorri litekeen edonolako erasoen edo jazarpenen kontrako neurriak hartzen: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politiketan jarrare aktiboa izanez, politika integral eta koordinatuak osatuz, edo prebentzio eta sentsibilizazio mailan neurrian hartuz”. Instituzioez gain, “jendarte osoak” izan behar du horri egiteko eginbeharra Beasaingo Udalaren ustez.
Hala, “genero bereizketatik eratortzen den edonolako eraso, eta giza eskubideen urraketa onartezina” da udalarentzat, eta zentzu horretan “beharrezkoa da jarrera eta joera horiek salatzea, biktima izan dena bakarrik sentitu ez dadin batetik eta genero-indarkeriaren biktima bat gehiago ere egon ez dadin”