Olaberriko hiri antolamendu arauak berritzeko prozedura hasi du udalak
Olaberriko Udalak herriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrituko du. Hirigintza arauen txosten berriari urtarrilaren 30eko udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena, bai plan orokorraren dokumentuari, bai ingurumen eraginen ebaluazioaren azterlanari.Helegiteak jartzeko aukera martxoaren 22ra arte egongo da. Bien bitartean, legeak agindutako baimenak eta lizentziak emateko aukera etenda geratu da, urtebeterako.
Orokorrean, hirigintza arau berriek aldaketa handirik ez dutela ekarriko aurreratu du Olaberriko alkate Jokin Garmendiak. Eskualdeko zatiko planak Olaberrirako 70 etxebizitza gehiago dauzka izendatuta. Arauetan, horiek kokatzeko, ez dute lur sail handirik berkalifikatuko. «Lur zoru berriari eragin gabe kokatuko dira, kaskoan 18 etxebizitzako auzotxo bat salbu. Lehenago hiritartutako lurren eraikitzeko ahalmena handituko dugu, etxe gehiago eraikitzeko bolumena igoz».
Aprobetxamendua «ia bikoiztu» egingo da eremu batzuetan, hala. Ihurreko eskola zaharrean bederatzi etxe ateratzeko aukera irekiko da, eta norbere iraunkortasuna lortzeko baliabideak izango dituzte: negutegia berotasunerako, baratzatxoak…
Eliza atzeko sailean ere etxe bolumena bikoiztu egingo da, eta Zezilioene atzeko lurretan aprobetxamendua 18 etxebizitzaraino gehituko da. Aurreikusten den auzo berria herrigunean kokatu dute arauetan, San Joan kaleari segimena emanda.
Landa lur izaerako eremu ez urbanizagarrietan baldintzak malgutu nahi ditu udalak, arau berrietan. «Zenbait gauza arindu nahi ditugu, lehen oso zurrunak zirela uste dugulako. Segregaziorako gutxieneko lurzorua legearen arabera hektarea bat bazen, hemen 5 hektarea genuen. Hori malgutuko da», dio alkateak.
Hilerria eta tiro zelaia
Ingurumen eraginen azterlanak gaur egungo lege berrietara egokituko ditu hainbat arlo. Horien artean tiro zelaia dago. «Gatazka dago horrekin. Oraingoz dagoen tokian geldituko da, baina arauetan jasoko da hurrengo legealdian beste kokagune bat bilatu behar zaiola».
Udalak pentsatuta dauka tiro zelaia etorkizunean non jarri: Errekalde auzoko betelan batean, herrigunetik Lazkao aldera dagoen Amoskategiko bailaran.
Hilerria ere herri-kaskotik atera nahi du udalak. Altune aldean eraikiko lukete berria, gaur egungo industrigunetik gora. Errepide batek lotuko luke herrigunearekin, lehenagoko bide zaharra berreskuratuz.
Bestetik, industri jarduerara bideratutako eremu gehiago aurreikusten dituzte arauek Olaberrirako. Altunen bertan, gaur egun dagoen industrialdearen gainaldean beste gune bat eraikitzeko baimenak baditu dagoeneko udalak.
Ihurreko igerilekuen aldameneko zelaietan ere industrialde bat eraikitzeko aukera emango du plan orokor berriak. Ihurren iaz beste pabiloi batzuk eraiki zituzten, gasolindegiaren atzeko lerroan. Industrialdetarako hornikuntza gehiago eskainiko ditu Olaberriak; «eskaria falta» dela deitoratu du alkateak. «Ekonomikoki mugimendua triste dago».
Helegite epea bukatutakoan, haiek aztertu eta behin-behineko onarpena emango die arauei udalak, gero goragoko erakundeetara bidali eta oniritzia emateko.