Osasun sare publiko baten alde protesta egingo dute bihar legorretarrek
Tolosaldeko eskualdean sartzen da Legorreta osasungintza alorrean, eta aspaldiko aldarrikapena dute sare publiko osoa eskatzearena. Eskualdeko ospitalea publikoa izatea nahi dute, gaur egun Tolosan dagoen Asuncion klinika enpresa pribatu batek kudeatzen duelako. Larunbatean, 12:00etan, Tolosako Triangelu plazan manifestaziora deituta daude legorretarrak, udalak zabaldu duen deialdiaren bidez.
Hainbat alkatek salatu izan dute, tartean Legorretako Bakartxo Mendezek, osasungintza zerbitzuaren kalitateak «beherakada» izan duela. Itxaron zerrendak «izugarri» handitu direla diote, eta «Topa elkarteak salatu du mediku batzuk titulaziorik gabe aritu direla lanean». 70 urte baino gehiago dituen mediku jubilatu bat lanean aritu dela ere onartu du Eusko Jaurlaritzak.
Beste bide batzuk joarratzeko eskatu zuten udan 31 alkatek, zerbitzuaren kalitateaz arduratuta daudela esan ondoren. Osasun Sailak eta Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza SA enpresak hitzarmena sinatu aurreko egoerara itzultzeko eskatu zuten, eta Tolosaldeko ospitalea publiko bihurtzeko bidea landuko zuen mahai bat sortzeko.
Hizketaldietan aurrerapenik ez
Aurrerapen gehiegirik ez dela izan azaldu du Legorretako Udalaren Ongizate sailak. «Osasun Sailarekin bilera batzuk eduki ditugu, baina ez dugu aurrerapen gehiegirik egin. Informazioa ezkutatzen digute alkateoi, eta gure herritarron osasunari ez diote behar bezalako garrantzia ematen».
Alkateek azaldu dutenez, Tolosaldeko klinikaren diru sarreren %95 iturri publikokoa da. Lau urtean 4 milioi euro jaso dituela zenbatu dute, «oso-osorik enpresa pribatuen eskuetara» joan dena. «Bien bitaretan, klinikak Ogasunarekin, Fogasarekin eta Gizarte Segurantzarekin daukan zor historikoak ordaindu gabe segitzen du», salatu dute.
Aldarrikapenak aintzat har ditzaten, «kalera irteteko garaia» dela eta manifestaziora joateko deia egin du Legorretako Udalak