«Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere». Hala dio Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpen Unibertsalaren 15. artikuluak. Hain justu ere, euskal herritartasunaren gainean gogoeta egiteko tartea hartuko dute etzi Udalbiltzako hautetsiek; Ordiziako Herri Antzokian bilduko dira.
Iazko martxoan Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra berrantolatu zenetik egingo den lehen kongresua izango da larunbatekoa. Euskal Herritarrak gara egitasmoaren prestakuntzarako batzarra izango da. «Estatuen inposaketari aurre egiteko eta euskal identitatearen aldeko neurriak adosteko» asmoarekin elkartuko dira. Udaletatik abiatuta, sinbologia mailan euskal herritartasunaren aldeko dinamika herritarra piztea da Udalbiltzaren helburua. Udalbiltzako Nazio Gobernuko kideek 2014rako adostu dituzten ildoak aurkeztu eta horiek aurrera eramateko hainbat neurri proposatuko dituzte, hautetsiak erabaki dezaten.
Herritartasuna ukatzearekin, azken urteetan Espainiako Estatuak berzentralizaziorako bidea hartu du nabarmen. Hezkuntzan LOMCE legea, udal legearen erreforma… Testuinguru berean koka daiteke Euskal Herriko udaletxeetan, tartean Goierrikoetan, Espainiako bandera jartzeko inposaketa ere. Nafarroan bandera inposatzeaz gain, ikurrina debekatu dute. Ipar Euskal Herrira, berriz, eskola guztien atarian Frantziako bandera eta errepublikaren leloa jartzeko agindua iritsi da.
Euskal ikurrak indartzen
Euskal ikurren aldeko dinamika proposatuko dute. Ideia ez da, ordea, oposizioa egin edo kontrakotasunak bilatzea, inposizioari erantzutea; tresna propioak zeintzuk diren aztertu eta mahai gainean jartzea da asmoa. Udaletxeetan leku publikoetan, herrietan… dinamika bateratuak abiarazi nahi dituzte. Udal agirietan tokian tokiko armarriaz gain Euskal Herrikoa ere agertzea edo herri sarreretan herria bera Euskal Herriko mapan kokatzen duen seinaleak jartzea izan daitezke neurrietako batzuk.
Herritartasun agiria eta ‘.eus’
Udalbiltzaren biltzarrean euskal herritartasun agirien errepaso historikoa ere egingo dute. Udalbiltzak bere garaian sustatuko EHNAz gain, beste hainbat agiri ere izan direlako. Euskal herritartasuna adierazteko beharra aspaldikoa dela aldarrikatuko dute eta dinamika hori berreskuratzeko egitasmoa plazaratu. Udalbiltzak defendatzen du euskalherritarrak direla Euskal Herrikoak izan nahi duten guztiak; berdin dela Senegaldik etorriak, Extremaduratik (Espainia) etorriak edo Araman jaioak izan.
Egitasmoen artean aurkeztuko dute interneteko .eus domeinuarena; martxoan hasiko den kanpainara atxikituko da Udalbiltza.
Barne prozesua
Behin Udalbiltzako Nazio Gobernuak Euskal Herritarrak gara dinamikaren aurkezpena eginda, Ordiziako biltzarrean hautetsiek ekarpenak egin ahal izago dituzte, ahoz zein inkesta bidez. Lan ildo hori onartzen den erabakitzeko bozketa egingo dute. Aurrera ateratzen bada martxoaren 10era arteko epea irekiko dute hautetsi guztiei proposamena idatziz helarazi eta nahi duten guztiek ekarpenak egin ditzaten. Martxoaren 14an ohiko hileroko bilera egingo dute Nazio Gobernuko kideek, eta bertan aztertuko dituzte ekarpenak. Behin ebazpena idatzita hautetsiei jakinarazi eta prentsaurrean iragarriko dute adostutako egitasmoa.
Europara begira
Europan mahai gainean jarriko da estaturik gabeko nazioen aldarria 2014an. Ugari dira estaturik ez duten nazioak, identitate propioa duten herrialdeak, euren nortasunari eusten jarraituko badute egitura politiko-administratiboak izatea eskatzen dutenak. Urte erabakigarria izango da Eskoziarentzat eta Kataluniarentzat, esate baterako. Aurretik ere herrialde ugarik lortu dute independentzia Europan.
Data esanguratsuak
Udalbiltzak argi du euskalherritarrek «bide propioa» egin beharko dutela. «Premia eta ezaugarriak elkarlanean zirriborratzeko garaia iritsi» dela ondorioztatzen dute. Martxoaren erdialdean Udalbiltzak egitasmo landua aurkezteaz gain, garrantzia eman diote martxoaren 29an Gure Esku Dago ekimenekoek egingo duten ekitaldiari. Martxotik ekainera egingo da .eus domeinuaren kanpaina.
Arreta berezia eskaini nahi diote apirilaren 13an Etxarri Aranatzen (Nafarroa) herritarren ekimenez egingo den galdeketari; Katalunian ere egindako galdeketek bidea ireki zutela diote.
Aberri Eguna baliatuko dute, bestalde, nazio izaera aldarrikatzeko ez ezik, Euskal Herria aintzat hartzen duten eragileak eta herritarrak elkartu eta pauso berriak jakinarazteko. Nafarroa Eguna, hauteskundeak… eta ekainaren 8ko giza katea zita garrantzitsuak izango dira.
1.425
Udalbiltzakide. 2013an 1.227 hautetsiren babesarekin eman zion hasiera Udalbiltza berrantolatuak bere ibilbideari. Urtebete geroago 1.425 dira. Horietatik 177 alkateak dira; aurreko astean atxiki zen azkena, Rene Etxemendi (Suhuskune, Nafarroa Beherea).
Hiru goierritar epaitu zituzten ‘Udalbiltza auzian’
2003 urtean eman zuen Baltasar Garzon epaileak Udalbiltza desegiteko agindua; 22 lagun auzipetu zituzten. Tartean Urko Irastortza lazkaotarra eta Miren Josu Aranburu eta Joseba Garmendia urretxuarrak. 2010eko uztailetik urrira egin zen epaiketa; guztiak absolbituak izan ziren.
Hasierako bost irizpideekin jarraituko dute lanean
Euskal Herriko zazpi herrialdetako hautetsiak aintzat hartuz sortu zen lehen Udalbiltza 1999ko irailean. Bilboko Euskaldunan egin zen sorrera batzarra. Lehen ahalegin hura kriminalizatu egin zuen Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak 2003an; zazpi urte geroago iritsi zen absoluzioa. Hasieran jarritako oinarrien gainean lanean jarraitu nahi du gaurko Udalbiltzak. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; lurraldetasuna aintzat hartuz, Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea; nazio eraikuntza sustatzea; herrialde guzietako udalerrien arteko harremanak eraikitzea; eta nazioartean Euskal Herria berezko nazioa eta desberdindua dela aldarrikatzea dira bost irizpideak.