EAJk eta PSEk hondakinen gatazka 'gaiztotzen' aritzea leporatu diote Ordiziako Udalari
Hondakinek inguruko ika-mikak ez du amaierarik Ordizian. Aurreko astean Bilduren udal gobernuak oposizioak leporatu izan dizkion hainbat gai argitzeko prentsa agerraldia egin ondoren; atzo EAJ eta PSEko zinegotziak prentsaurrera atera ziren erantzuna emateko asmoz. Bilduri, beste behin ere, “manipulatzen” aritzea eta zaborren “gatazka gaiztotzeko ahaleginak egitea” loporatu zioten.
Polemika piztu du aurreko asteetan Sasieta Mankomunitateak eta Ordiziako Udalak ordenantzak bete gabe honakinak bereiztu gabe eta poltsetan ateratzen dituzten bizilagunei zigor espedienteak irekitzeko asmoa agertu ondoren. EAJ eta PSE neurri horren aurka agertu ziren. Atzokoan, berriz, argi utzi nahi izan zuten atez atekoaren aurka egin zuten manifestazioan bertan eskatu zietela herritarrei “arauek eta ordenantzek xedatzen eta eskatzen dutena betetzeko”.
Espedienteak Mankomunitateak irekitzen dituela esatea “gezurra” dela azaldu zuten; “Bilduk irentsarazi digu atez ateko sistema eta Bilduk erabaki du araudia betetzen ez dutenak zigortzea, ez Sasietak”, zioten.
“Bilduri, orain, gizabidezkoak ez diren jarrerak probokatu ditugula entzutea sarkastikoa ez ezik lotsarik gabe manipulatzea ere bada. Ez du merezi hitz erdirik erabiltzea ere”, diote.
Era berean, Bilduk Ordiziako sistema Lazkaokoarekin edo Legazpikoarekin alderatzeko daturik ez dutela leporatu zien EAJri eta PSEri. Oposizioko hautetsiek, baina, datu falta hori udal gobernuaren aurka erabili dute. “Eman al digute ba daturik beren sistemaren efikazia erakusteko azaldu dituzten bilketa porzentajeez aparte? Zergatik ez dakizkigu beste gauza batzuk? Zergatik ez digute informatzen portzentaje horiek bezain interesanteak edo interesanteagoak diren beste gauza batzuez?”, esan zuen Jose Migel Santamariak (EAJ). Zentzu horretan, Ordiziako Udalari sistema aldaketaren datu ekonomikoak argitzeko eskatu zioten.
Santamariak eta Iñaki Dubreuilek (PSE) Legazpiko bilketa sistema jarri zuten eredu gisa. Bost edukiontzien bidez atez ateko sistemaren bidez lortzen diren emaitzak baino hobeak dituztela zioten; nahiz eta Legazpin bost edukiontzi eta atez atekoa konbinatzen duten.
Bilduri “lotsagabekeriaz” jokatzea ere leporatu zioten. “Demokraziaren inguruko lezioak onartzeko gai ez izatea leporatzen digute. Noski onartzen ditugula edonor dela ere halako lezioak ematen dituena. […] Dena den, edonor horretan ezin dira egon ordiziarren erdia behin eta berriz, eta askotan lotsarik gabe eta harrokeriaz, manipulatu, engainatu eta trufatu duena. Ez dugu demorkaziari buruzko leziorik onartuko, baldin eta lezio emailea aldarrikatzen duen demokrazia horri interesatzen zaion bakoitzean muzin egiten diona baldin bada”, esan zuen.
Italiako eredua
EAJ eta PSEko ordezkariek duela egun batzuk ‘Gara’ egunkarian Rossano Ercolini Europako Zero Zaborreko lehendakariari egindako elkarrizketa hartu zuten ahotan. “Arrakasta ziurtatua dago, konponbidean guztiek benetan parte hartzen badute. Ezarritakoa bada, jendeak ez du laguntzen, ezta ezarritakoa ona bada ere”, zioen Ercolinik. Zinegotziek eredu gisa jarri zuten Zero Zaborreko lehendakariak esandako hori.
Elkarrizketa berean Ercolinik Gipuzkoako errauste plantaren aurkako borroka goraipatzen du: “Errauste planta baten aurkako borroka dagoenean agerian gelditzen da komunitate batek arazo bat konpontzeko duen gaitasuna. […] Zuen herrialdea norabide zuzenean doa posible dela sinesten duten jende inteligentea dagoelako. Une zailak etorriko dira, ekidin ezinak, baina norabidea zuzena da”.
- Albiste honi lotuta: Hondakinak sailkatu gabe ateratzeak dakarren kostua ordiziar guztiek ordaindu behar al duten galdetu du Udalak. (2014.02.10)