Lurkide Konpromiso kanpainako parte hartzaileak Artikan (Nafarroa) elkartu ziren larunbatean
Handiegia da 247 elektrizitate dorreren itzala; ilunegia sor lezaketen ikuspegia. Goi tentsioko tinearen aurkako taldeak ez du itzal erraldoi hori onartu nahi, argitan bizitzen jarraitu nahi du. 400 kilowatti egin behar diete aurre, eta, horretarako, oso bestelako energia darabilte, herritarren batasunaren indarra.
2011ko abuztuan iritsi zen Goierriko udaletara goi tentsioko linearen proiektua —Nafarroako Deikaztelu eta Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrien artean eraiki nahi dute–—, eta irailean bertan, horri aurre egiteko taldea sortu zuten. Hasieratik izan zuten argi autobide elektrikoa geldiarazi beharra zegoela, eta hori lortzeko, ekintza ugari egin dituzte. Azkena Lurkide Konpromiso izeneko kanpaina izan da, eta aurkeztu zutenetik, harrera bikaina izaten ari da.
Otsailaren 8an aurkeztu zuten egitasmoa Zeraingo kultur etxean, Geroa lurretik hasi lelopean. Goi tentsioko lineak funtziona dezan, 247 dorre behar dira, eta beste hainbeste lur eremu horiek eraikitzeko. Kanpainaren helburuetako bat, hain zuzen ere, lur eremu horiek babestea da. Horretarako, lurkideak behar dira, hau da, eremu horiek babestuko dituzten taldeak.
Lurkideek zenbait ekintza antolatuko dituzte eremuak babesteko. Lehena udaberri aldean izango da, eta egun garrantzitsua izango dela nabarmendu dute Enara Sodupek eta Xabier Lazkanoiturburuk, goi tentsioko linearen aurkako taldeko kideek: «Kanpainako parte hartzaileak euren lur eremuetara joan, eta argazkiak ateratzea da egun horretarako asmoa».
Kanpainaren bitartez, plataformatik kanpo ere informazioa zabaltzea espero dute, eta hala, gizartean, goi tentsioko linea gelditzeko «sare bat eratzea». Izan ere, «kanpainako partaideek batzarretan hartuko dute parte, eta denen artean erabakiko da zein pauso eman».
Kanpainak hasieratik oso harrera ona izan du, eta dagoeneko, herritar askok egin du bat; «benetan arrakastatsua izaten ari da». Sodupek eta Lazkanoiturburuk adierazi dutenez, «prentsaurrekoa egin zenetik, jende askok eman dio bere babesa kanpainari». Horrenbestez, plataformatik kanpo ere ari da sarea osatzen, eta horrek «elkartea aberastu egiten du».
Lurkide Konpromiso kanpainak berehala ekin dio partaideak mobilizatzeari. Hain justu ere, joan den larunbatean izan zuten lehen batzar orokorra Artikako kultur etxean (Nafarroa). Batzar horretan aurrerantzean egingo dituzten ekintzak adostu zituzten. Ekintza horien berri aurreraxeago emango badute ere, plataformakoek adierazi dutenez, batzarra oso ondo joan zen, eta oso gustura geratu ziren bertaratu zirenak.
Linearen arriskuak
Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean eraiki nahi dute autobide elektrikoa; horrenbestez, 127 kilometroko ibilbidea izango luke. Ibilbide horretan, 247 elektrizitate dorre jarri beharko lirateke; horietako batzuk 85 metroko garaierakoak. Neurriak direla eta, plataformakoen hitzetan, «lautada batean ere eragin txarrak izango lituzke, baina pentsa hemen —Goierrin—, dena mendia izanda».
Tamaina ez da, ordea, plataformakoak kezkatzen dituen afera bakarra; horrez gain, oso larria deritzote lineak sortuko duen elektromagnetismoari: «Autopista elektrikoak 400 kilowatt garraia ditzake, eta bi noranzkotan, gainera; ez dago imajinatzerik zer-nolako elektromagnetismoa sortuko lukeen horrek».
Autobide elektrikoak zer-nolako eraginak izan litzakeen galdetzean, eraiki ahal izateko «naturan sekulako txikizioa» egin behar dela azaldu dute: «Zuhaitz mordoa bota behar da, eta dorreen inguruan ezin da ezer landatu». Elektromagnetismoak, gainera, espezie babestuei eragingo lieke, eta pertsonen osasunak ere kalte itzelak jasango lituzke: «Gisa honetako dorreen inguruan bizi direnek lo egiteko arazoak eta buruko minak izaten dituzte, besteak beste, eta minbizia kasuak ere ugariak dira».
Hori guztia jakinda, logikoa da pentsatzea azpiegitura horrek herriguneetatik urrun egon beharko lukeela. Hain justu ere, Europako Batasunak gomendatzen du halako dorreak herriguneetatik gutxienez 400 metrora jartzea.
Baina aholkuari uko egitea ez denez legez kanpokoa, neurriak, kasu honetan bezalaxe, ez dira beti errespetatzen. «Esaterako, Barbarin —Zeraingo auzoa—, baserrien gainetik pasatuko da linea; benetan gertu izango dituzte dorreak. Gabirian, berriz, herrigunetik 50 metrora eraikitzeko asmoa dago».
Herritarren erantzuna
Plataformakoak gogor ari dira lanean goi tentsioko linea eraiki ez dezaten, eta 2011n sortu zenetik, ekintza ugari antolatu dituzte. Besteak beste, alegazioak biltzeari ekion zioten; aurrez udalek egin zuten moduan, herritarrek sinatzea zen xedea.
Helburua 10.000 alegazio lortzea zen, eta guztira 14.000 lortu dituzte. Alegazio horien erantzuna gaurdaino, ordea, «isiltasuna» izan da. «Urtarrilean jakin behar genuen zerbait, baina otsaila ere iritsi da, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso», azaldu dute plataformakoek. Erantzunik ez da heldu, baina plataformakoek lanean segitzen dute. Nabarmendu dutenez, era guztietako pertsonak daude taldean; «adin, ideologia, sexu, lanbide eta izaera desberdineko jendea da»; alabaina, xedeak batzen ditu.
Sodupek eta Lazkanoiturburuk nabarmendu dute Autopista Elektrikorik Ez plataforma eta antolatzen dituzten ekintzak erabat irekiak direla; horrenbestez, informazio bila nahiz parte hartzera doana «ongi etorria izango da».
EKINTZEN KRONOLOGIA
- 2011ko abuztua: Kontsultaren aurreko proiektuaren zirriborroa aurkeztu zuten.
- 2011ko iraila: Goi tentsioko linearen aurkako plataforma sortu zuten, eta ehun alegazio aurkeztu zituzten.
- 2011-2012: Proiektuaren kontrako 216 mozio onartu ziren.
- 2012ko abendua: 500 hautetsi kargudunen biltzarra egin zuten Berriozarren (Nafarroa).
- 2012ko apirila: Jendetza bildu zen Lizarrako manifestaldian (Nafarroa).
- 2012ko urria: Ordizian manifestazioa egin zuten.
- 2012ko abendua: 500 pertsonak Altsasuko Adierazpena sinatu zuten.
- 2013ko martxoa: 36 herritan, itzalaldi masiboak egin zituzten.
- 2013ko apirila: 400 minutuko ekitaldia antolatu zuten Iruñeko Gazteluko plazan.
- 2013ko maiatza: 172 alkatek tramitazioa gelditzeko eskatu zuten.
- 2013ko ekaina: Herri galdeketak egin ziren, eta Alegazio Eguna antolatu zuten.
- 2014ko otsaila: Lurkide Konpromiso kanpaina aurkeztu zuten Zerainen. Lurkideen lehenengo batzarra egin zuten, Artikan (Nafarroa).