Julen Zulaika Maputxe herriaz arituko da gaur Ordiziako gaztetxean
Otsailean zehar egiten ari diren II. Hilabete Internazionalistaren baitan, Julen Zulaika Askapenako kideak hitzaldia emango du gaur iluntzean Ordiziako gaztetxean. “Maputxe herria: erresistentzia nekaezina” goiburupean arituko da Zulaika, iluntzeko 19:30ean.
Maputxeena Txile erdi hegoaldean eta Argentinako hego mendebaldean kokatzen den jatorrizko herria da. Inken inbasioei aurre egin ondoren, espainiar inperioarekin 300 urteko gerra izan zuten; ondoren, Txileko estatuari egin behar izan dio aurre biziraungo bazuen.
Maputxeak beraien lurraen kudeaketa beren eskuetan egotea eskatzen dute, baita maputxe herriak dituen nazio ezaugarriak errespetatuak izan daitezen ere.
Lurrak kudeatu nahi izateak transnazional kapitalistekin etengabeko gatazkan egotera eraman ditu, nagusiki egur arloko, arlo turistikoko eta arlo energetikoko enpresa handiekin. Asko dira borroka horren ondorioz hil diren maputxeak; preso politikoak ere ugari dira espetxeetan.