Ukraina, goierritar baten begietatik
Gerra zibilaren atarian egotetik iraultzaren garaipenera aldatu da Ukrainaren egoera, aurreko astean. Europaren aldeko manifestari ugari hil zituen Poliziak —bereziki ostegunean—, eta Janukovitx presidenteak kargua eta herrialdea utzi zituen ostiralean. Hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratu dituzte. Giroa lasaitu da, eta iraultzaren garaipentzat jo dute Europazaleek.
Bertatik bertara ezagutzen du goierritar batek Kiev hiriburuko Independentzia Plazan kokatutako maidan-a (ukraineraz, enparantza). Izenik ez ematea nahiago du [elkarrizketa ostiralean egina da harekin]. Hamar urte darama Ukrainan lanean, Kievetik 220 kilometro hegoaldera. Otsailaren 15ean itzuli zen Goierrira, oraindik borroka odoltsuak hasi gabe zeudela, eta «hasiko zirenik inork uste ez» zuenean.
Urtarrilean eta abenduan bisitatu zuen Kieveko Euromaidana. «Orduan ez zen ikusten borrokarik, ez buruan kaskorik. Etengabe mitinak egon dira, jendea iritzia ematera igotzen zen. Europaren aldeko jendea zen. Plazako sarreretan lau metroko hormak eraiki eta nor pasatzen zen kontrolatzen zuten, su piztera inor sar ez zedin», dio goierritarrak.
Gau eta egun iraun du protesta lekuak. «Iraultza Laranja bezalako gauza bat berriz martxan jarri zenean, jendea harritu egin zen nola aldameneko tabernek eta dendek kafesnea edo salda ematen zieten. Euren iritzia emateko forma bat izan da: kanpin-dendetan gau eta egun han gelditu, kasu egin arte». Europako Batasunaren aldera inguratzeko eskariak izan dira.
Independentzia 1991n berreskuratu zuen Ukrainak, Sobiet Batasuna desegin ondoren. Komunismotik irtenda, elite ekonomiko batean kokatu zirenak azkar eta asko aberastu ziren. «Egun batetik bestera dirutzak egin zituztenak dira oraingo agintariak. Lehen estatuarenak ziren ondasunak edo negozioak huskeria baten truke erosi, eta ehun aldiz garestiago salduz egin zuten dirua».
Agintari klasearen negozio kontzeptu horrek jarraitu egin du, eta herritarrek aurre egiteko baliatu dute maidana. Europa edo Errusia arteko demaz aparte, botere lehia ere bihurtu da.
‘Jo ta ke, irabazi arte’ plazan
Auto-antolakuntza apartekoaz funtzionatu du maidanak, hiru-bat hilabetez. «Ukrainar lagunek esaten zidaten barruan sentitzen zutela hara joateko beharra, obligazioa bezala. Lanetik irten eta maidanera joaten ziren egunero, nahiz eta ordu erdi bat izan, laguntzera edo babesa ematera. Barrutik irteten zaie, moralki».
Herritarren hitzaldietan Euskal Herria ere izan da hizpide. Emakume batek euskal auzia atera zuen. «Lagun batek kontatu zidan —Euskal Herrian egondakoa da eta badaki hemengo berri— nola emakume hark esan zuen Espainian bazela herri bat, muga ondoan, nazioa aldarrikatzen zuena. Azalpena eman, eta bukaeran esaldi bat bota omen zuen. Nire lagunari ez zitzaion geratu, baina te-ke-te-ke-te-ke hotsa omen zuen. Segituan pentsatu nuen jo ta ke irabazi arte zela, seguru».
Giroa «kakazten» eta herritarrak «berotzen eta berotzen» joan dira. Aurreko asteko sarraskiarekin izututa geratu dira ukrainarrak eurak. «Mundu Gerran kristoren astakeriak jasandakoak dira, baina diote Errusiatik banatu zirenean ere ezer ez zela gertatu, inork ez ziela herritarrei tirorik bota. Iraultza Laranjan ere ez. Poliziei tiro egin zietenak kaleko jantzitako polizia errusiarrak ote diren esaten dute, probokatu eta gero poliziak herritarren aurka hasteagatik. Hori ez dago frogatzerik, baina hori dio jendeak».
Ukrainarrak agintaritzaren aldetik «kolpeak hartzen» ohituta daudela dio goierritarrak. «‘Hau pasatu zaigu, ea hurrengoan zer datorren’; mentalitate hori dute. Politikoek beren buruentzat lan egiten dutela diote, beren poltsikorako. Herritarrekin oroitu ere ez direla egiten. Horretan arrazoi dute». Hala, botere gosea, gizarte sumindura eta izaera desberdineko eredu politikoak nahastu dira.
Herri mailan, Europazaleen eta Errusiaren aldekoen artean konfrontaziorik ez du nabaritu. «Ni bizi naizen herria Mundu Gerraren ondoren eraiki zuten, bost fabrika handitan lana egiteko. Errusiatik jende asko etorri zen. Baina ez dira bereizten errusiarrak edo ukrainar jatorrizkoak. Ez dago gorrotorik etorri zirenenganako, haiek ere jada ukrainarrak dira, hor bat egin zuten».
Geografikoki, Ukrainaren hegoaldean eta ekialdean Errusiaren eragin handiagoa da, gertutasunagatik. Hiri handiak ere eremu horretan daude.
Gatazka zabaltzeko beldurrez
Ostiralean bertan erabat irauli zen egoera. Janukovitxek hauteskundeak aurreratzea onartu, eta alde egin zuen. Ordura arte, ordea, Kieveko borrokak herrialdera zabaltzeko kezka nabarmena zen. Kasuak ere izan ziren: «Atzo [osteguna] gure aldameneko herrian udaletxera sartu omen ziren Europaren aldeko manifestariak, eta dena lapurtu omen zuten. Atzoko egun hori nik ez dakit zer izan den…», deitoratu du.
Egoera konpondu beharraz irmo zen goierritarra. «Konpondu beharko dute. Gainera, uste dut Europan-eta gehiago hitz egiten dela, han baino. Maidan plazan-eta bai, baina handik kanpora ez da irten orain arte. Egun bateko protestak egin dira, baina gehiago ez». Gerraren mamua ere airean ibili den arren, baretu da giroa oraingoz.