Gabirian eta Ormaiztegin bertso eskola bana jarri dute martxan
Gabirian eta Ormaiztegin bertso eskola bana jarri dute martxan. Gabirian Aratz Igartzabal herritarra dute gidari eta Ormaiztegin Manex Mantxola urretxuarra. Lehena haurrei zuzendua dago eta Ormaiztegikoa, berriz, helduei.
Gabiriako bertso eskola herriko guraso talde batek bultzatu du. «Haur batzuek zaletasuna dute eta gurasoek bertso eskolaren beharra ikusi zuten. Nirekin harremanetan jarri ziren eta zer edo zer egin zitekeela erantzun nien», azaldu du Igartzabalek.
Balentzategi ikastetxean deialdia luzatu zuten eta 19 lagunek eman zuten izena: bost neskak eta hamalau mutikok. Duela hiru aste egin zuten lehen saioa. Larunbat arratsaldetan elkartzen dira: 10 urte artekoak 17:00etan eta 10-14 urtekoak 18:00etan.
Igartzabal «oso gustura» ageri da: «Haurrei gogotsu daudela nabaritzen zaie. Oraingoz, doinuak eta errimak lantzen ari gara. Lazkao Txikiren marrazki bizidunak ere ikusi ditugu, bertso eskola zer den azaldu diet, kopla batzuk egin ditugu… Oraindik ez dira bertsotan hasi, baina aurki hasiko dira jendaurrean abesten. Izan ere, Gabirian horretarako aukera dago: Santa Ageda eskean, Gabon eskean…». Helburua transmisioa ez galtzea da. «Helburua ez da Amets Arzallus bat lortzea».
Berarentzat ohorea da herriko bertso eskolako gidaria izatea, eta «oso gustura» dabil. «Bertsolaritza eta haurrekin lan egitea ikaragarri gustatzen zait. Eurek ondo pasatzen dutela ikusteak, jarraitzeko indarra ematen dit».
Gainera, Euxebio Igartzabal osabaren laguntza du. «Lehenago ere saiatu ziren herrian bertso eskola sortzen, baina ez zuten lortu. Osabak laguntzeko prest dagoela esan dit. Eskertzekoa da, niretzat eredua baita», dio.
Aratz Igartzabal: «Helburua trasnmisioa ez galtzea da; helburua ez da Amets Arzallus bat sortzea» Beñat Hach Embarek: «Sormena bultzatu nahi dugu; ekoizten oso onak gara baina sorkuntza ez dugu lantzen»Helduak aspalditik elkartzen dira bertsotan egiteko. Igartzabal osaba-ilobek, Gorka Maizek, Endika Igartzabalek, Endika Asurabarrenak, Jokin Muruak, Maialen Akizuk eta Aitzol Iturbe antzuolarrak parte hartzen dute. Igartzabalek 17 urte bakarrik ditu, baina dagoeneko urte asko daramatza bertsolaritzan. «8-9 urterekin Goierriko bertso eskolan hasi nintzen eta 12 urterekin lehenengoz eskolarteko txapelketan parte hartu nuen. 2008an gure taldeak irabazi zuen». Urtero Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak antolatzen duen Martxoan Bertsoa txapelketan parte hartzen du. Aurten Igartubeitiko kanporaketan abestuko du, martxoaren 15ean. Ormaiztegin gazteentzat Ormaiztegiko bertso eskolako maisuak ere Martxoan Bertsoa txapelketan parte hartuko du. Ormaiztegiko bertso eskola Ernaik bultzatu du eta gazteei zuzendua dago. Dozena erdi bat lagunek eman dute izena dagoeneko. Hach Embarekek helburua herriko aisialdi eskaintza aberastea dela dio. «Gure eztabaida prozesuan aisialdia lantzea erabaki genuen. Jende askok herrian ekintza gutxi antolatzen direla uste du eta zer edo zer egitea erabaki dugu. Aisialdi libre autogestionatua bultzatu nahi dugu», dio. Horretarako, lehenengo txalaparta ikastaroa antolatu zuten eta orain bertso eskola sortu dute. Asteartero elkartuko dira, 19:00etan, pilotaleku azpiko lokalean; toki egokiago bat nahi dute. Sormena lantzea helburu Ez da kasualitatea euren lehen bi ekintzak kultur arlokoak izatea. «Sormena bultzatu nahi dugu. Izan ere, ekoizten oso onak gara, baina sorkuntza ez dugu behar bezainbeste lantzen. Txalaparta ikastaroak eta bertso eskolak denok barruan dugun artista ateratzen lagunduko digute». Gainera, Ormaiztegin ez dago bertsolaririk. «Deigarria da, herrian zaletasun handia baitago. Herriarentzako aisialdi eredua lantzen jarraituko dugu eta jendea aktiboki parte hartzera animatu nahi dugu», amaitu du.