Hondakin ontziak jasotzen ari dira ataundarrak
Ataungo Udala eta Sasieta Mankomunitatea astelehenean hasi ziren Ataunen hondakin ontziak banatzen, herritarrentzat. Errefusarentzat ontzi grisa ematen ari dira, eta lehen ez daukanari organikoaren marroia re bai. Gaur eta bihar San Gregorioko Elkargunean ari dira, eta astelehenean Aiako Erroipe aterpean banatuko dituzte. Ordutegia 11:00-14:00 eta 16:00-19:00 tarteetan da. Herritarrek edozein lekutan jaso ditzakete, norberak edo besteren baten bitartez.
Hondakin bilketa konbinatu berria astelehenean hasiko da, Ataunen. Errefusa atez ateko eran bilduko dute, astelehenetan 22:30a arte ontzian zintzilikagailura aterata. Sasietak gauez jasoko ditu. Gainontzeko hondakin gaiak kaleko edukiontzietan biltzen jarraituko dute. Ataungo udalbatzako bi taldeek —gobernuko Bildu eta oposizioko Herrigintza— adostu dute sistema hori.
Ataungo birziklatze tasa bikoiztu nahi dute, %70 edo 80ra iritsita, sei hilabetean.