Ipuin kontaketa lehiaketako lehen kanporaketa egingo dute bihar Ordizian
‘Ahoz aho 2014’ egitasmoaren baitan antolatu duten II. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketaren lehen kanporaketa egingo da bihar gauean Ordiziako Barrena kultur etxean. Sei lagunek eman dute izena; istorio edo ipuin bana kontatuko dute, gehienez zortzi minututan. Epaimahaikoen eta ikusleen botoekin erabakiko da sei horietatik zein hiru pasako diren finalera. Martxoaren 21an egingo da finala leku berean.
Lehiaketarekin batera, Iban Nikolai oiartzuar musikariak emanaldia eskainiko du. Jatorriz australiarra den haizezko didgeridoo instrumentuarekin aritzen da Nikolai.
‘Ahoz aho 2014’ jaialdia martxoaren 15etik 21 egingo da. Egitarau zabala osatuko dute ahozkotasunean aritzen diren Euskal Herriko nahiz kanpoko artisten emanaldiekin.