Konposta guneak arautzeko ordenantza behin behinean onartu dute Legazpin
Legazpin auzokonpostajea eta autokonpostajea arautzeko ordenantzari lehenengo onespena eman dio udalbatzak otsaileko osoko bilkuran. Udal ordenantza Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute, nahiz eta sozialistek azkeneko onarpena «egon daitezkeen alegazioen eta udalak konposta guneak jartzeko egiten duen tokien proposamenaren» araberakoa izango dela aurreratu duen arren. EAJ eta Hamaikabat (H1!) abstenitu egin dira.
Kepa Urtzelai alkateak esan duenez, Legazpin osatu den konpostajearen inguruko ordenantza hau «Espainian eta Euskal Herrian egin den lehenengoa» da. Ordenantza osatzeak «hilabeteetako lana» suposatu du eta guztira «10.000 euroko kostua» izan du. Gipuzkoako Foru Aldunditik, «%55 inguruko diru laguntza» jasoko dutela gaineratu du.
Hondakinak prebenitzeko
Igor Urrate, ingurumen zinegotziak esandakoaren arabera «konpostajea ondo egin ahal izateko» egin da ordenantza hau. Era berean, berdegune pribaturik ez duten herritarrek, «gune publikoak erabiliz konposta egin dezaten» ahalbideratu nahi da. Konpostajearen garrantziaz ere hitz egin du, «hondakinak murrizteko eta prebenitzeko» balio duelako. Ordenantza legazpiko-udala.info web gunean dago jada zintzilik eta nahi duenak hilabeteko epea izango du alegazioak aurkezteko.