Lazkaotarrek Lazkaon bertan osatuko dute ekainaren 8ko Gure Esku Dago giza-katea
Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago ekimenean, lazkaotarrentzat aldaketa nabarmen bat egin dute. Igandean egin zen herri mailako aurkezpena, Areria antzokian, eta han jakinarazi zuten ekainaren 8ko giza-kateko kokagunea aldatu diete. Hasiera batean, Ormaiztegin kokatu behar zutela aurreratu bazuen ere antolakuntzak, orain baieztatu dute Lazkaon bertan kokatuko direla lazkaotarrak, santurtziarrei tokia ordezkatuta.
Lazkaotarrak ere hasi dira, tantaka-tantaka, ekainaren 8ko Gure Esku Dago giza-katerako eskuak batzen. Igandean jaso zituzten lehendabiziko atxikipenak. Antzokiaren atarian eta plazan mahai bana jarri, eta izenak hartzen hasi dira. 16 urtetik gorakoek izena eman behar dute, eta horrekin batera 5 euro ordaindu, gastuetarako.
Izen-ematea, martxo osoan
Izena eta ekarpenak ematen jarraitzeko aukera izango dute aurrerantzean ere lazkaotarrek. Martxoaren 29ra arte plazan ipniko dituzte mahaiak, eta han eman ahalko da sustengua. «Ahalik eta jende gehienak bere metroa erosteko aukera izan dezan nahi dugu», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.
Ekainaren 8an 12:00etatik 12:30era egon beharko da giza-katean, Durango eta Iruñea lotuz. 250 lagun behar dira, gutxienez, Lazkaotik.
Lazkaoko taldeak bilera egingo du, gaur, 18:30ean. Aurkezpenaren balorazioa ondu, eta aurrera begira ekarpenak jasotzeko mahaiak noiz jarri erabakiko dute.