Olaberriko haur eskola Ihurre Zaharren egokitzeko lana atera du udalak
Olaberriko haur eskola Ihurre Zahar eraikinaren beheko solairuan egokituko du udalak. Lanen baldintza administratiboen pleguak atera ditu, eta lanak emateko deialdia egin du. Publizitaterik gabeko negoziazio bidez izendatuko dute eraikitzailea.
Azpiegitura egokitzeak eta hornitzeak 68.299,58 euroko kostua izango du (56.445,93 gehi BEZa). 2014ko udal aurrekontutik finantzatuko dute. Lana hartzen duen eraikitzaileak hiru hilabeteko epea dauka bukatzeko.
Proiektu teknikoa otsailaren 18an onartu zuen Alkatetzak —olaberrikoudala.com webgunean dago ikusgai—, eta horren arabera 106,45 metro koadro eraikiko azalera egokituko da, horietatik 91,85 metro erabilgarriak.
Hamar haurrentzat lekua
Gela bakarra izango du Olaberiko haur eskolak, 0, 1 eta 2 urteko umeentzat, Haurreskolak Partzuergoaren arauetara . Denera hamar haur hartzeko gaitasuna izango du. Ihurre Zahar etxean, hasieran denda-kafetegia jartzeko pentsatutako eremuan ipiniko dute. Areto nagusiaren eta biltegiaren arteko horma botako dute.
Haur eskolak sarrera nagusia, hezitzaileen bulegoa, sehaska-tokia, gela nagusia, sukalde-eremua, langileen aldagela eta komuna, umeentzat komuna eta biltegi txiki bat edukiko ditu.