Aho batez onartu ditu udalbatzak osoko bilkurara eramandako puntu guztiak
Atzo egin zen Urretxun, hileroko ohiko osoko bilkura. Bederatzi puntuko gai-ordena aurkeztu zion udal gobernuak udalbatzari, eta guztiak, aho batez onartu zituzten, ordu erdira iritsi ez zen bileran. Aurreko batzarraldietako aktak eta alkatearen ebazpenak ontzat eman eta gero heldu zieten otsaileko osoko bilkura zegozkien gainerako gaiei.
Atzo egin zen Urretxun, hileroko ohiko osoko bilkura. Bederatzi puntuko gai-ordena aurkeztu zion udal gobernuak udalbatzari, eta guztiak, aho batez onartu zituzten, ordu erdira iritsi ez zen bileran.
Aurreko batzarraldietako aktak eta alkatearen ebazpenak ontzat eman eta gero heldu zieten otsaileko osoko bilkura zegozkien gainerako gaiei. Hala, Aginagako bidegurutzetik hasi eta Etxeberri auzoraino doan bidegorri zatia Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzan uztea onartu zuten, bi egun lehenago Zumarragan egin bezala. Oihane Zabaleta alkateak esan zuenez, “horrela, bidegorri zati hori bizikleten foru-bidean sartzea ahalbideratuko da”, besteak beste.
Urretxuko eguneko zentroko tasak aldatzea ere aho batez onartu zuten alderdi guztiek. Hala, hemendik aurrera, lanegunetan 7,70 euro ordaindu beharko dituzte eguneko erabiltzaileek, eta 14,13 euro jai egun bakoitzeko.
Lankidetza hitzarmenak
Bestalde, Urretxuko udalaren eta Fiare banka etikoaren arteko lankidetza hitzarmena berretsi zuen berriro udalbatzak. Ondorioz, 1.800 euroko ekarpena egingo dio banka etikoari. Udalak Bidegirekin beste lankidetza hitzarmen bati ere onespena eman dio. Kasu honetan udal erroldaren datuekin zerikusia dutenak. Alkateak azaldutakoaren arabera, “Bidegik kudeatzen ditu Gipuzkoan AP-1 eta A-8 autopistak, horregatik azpiegitura hauetarako deskontuak eskatu nahi dituzten herritarrak, bertan erroldatuta daudela ziurtatu beharra daukate”.
Udalak 2014rako herriko kultur, kirol edo bestelako elkarte eta norbanakoentzako ezarri dituen diru-laguntza programak arautuko dituzten oinarriei behin betiko onespena ere eman zitzaien. Alkatearen hitzetan jarraitu dituzten irizpideak “kontinuistak” dira eta ez dago aldaketa handirik iaz aplikatutako programarekin alderatuz gero. Aldaketak, batez ere, berdintasun eta euskara irizpideetatik etorri dira “zeharka elkarteetan zein eragin duten” baloratuko dutela aurreratu baitu Zabaletak.
Eta, amaitzeko Urola Garaiko Mankomunitatean Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta, alderdi guztien artean adostutako adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuten.
The post Aho batez onartu ditu udalbatzak osoko bilkurara eramandako puntu guztiak appeared first on Otamotz.