Herrialdeen Eguna ospatuko dute igandean Olaberrian, gastronomiaren bidez jatorri askotako herritarrak integratzeko
Olaberriko kultur astea gaur hasiko da, inauteri jaiarekin. 15:00etatik aurrera, haurrek eta edozein olaberritarrek parte hartu ahalko dute (ikus 2. orrialdea). Ondoren, martxoaren 16ra arte segiko du kultura egitarauak. Asteburu honetako ekitaldi jendetsuena, berriz, Herrialdeen Eguna izango da. Igandean ospatuko da, 12:30etik aurrera, frontoian.
Zortzi herrialdek izango dute ordezkaritza, postu banatan: Galizia, Gaztela-Leon, Valentzia, Maroko, Errumania, Asturias eta Hego Euskal Herriko EAE eta Nafarroa. Herri bakoitzak bere jaki eta edari tipikoak erakutsiko ditu, probatzera emanez.
Batzuek bertan prestatuko dituzte, gainera. Bertako jakiei dagokienez, odolkia, txorizoa, tripakiak eta nafar bakailao ajoarrieroa dastatu ahalko dira. Galiziar jatorrikoek olagarroa egosiko dute, eta keimada ere egingo dute; marokoarrek kuskusa eta tea, valentziarrek paella…
Aurten, herrialde nabarmendua Errumania izango da, eta hari eskainiko diote arreta gehiago. Partaide guztiak Olaberrian bizi dira, eta bakoitzaren jatorriaren kultura gastronomikoa erakutsiko dute. «Denak herritarrak dira. Gonbidapena jatorri guztietakoei zabaltzen zaie. Hego Amerikakoak ere gonbidatu ditugu bi urtean, baina ez dira animatzen», dio Olaberriko Udaleko Kultura teknikari Ana Mari Telleriak.
Helburua, integrazioa
Jan-edan desberdinak probatzeko aukera emango zaie bisitariei. Aurten, dastaketarako behar den txartelak aurrez salduko dituzte, 3 euroan. Zezilionean, Arrietan, udaletxean, Etxezurin eta Ihurreko tabernan daude salgai.
Gastronomia erakutsi bai, baina hondoan Herrialdeen Egunak duen helburua integrazioa da. «Lehenago Olaberriara bizitzera etorri zirenei eta gaur egun datozenei aukera eman nahi zaie gizartean integratzeko, beraien kultura erakutsiz».
Kultur asteari dagokionez, bihar Goierriko bola txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da, Olaberrian. Igandean, herriko Zeba abesbatzak mezan kantatuko du, 11:00etan.
Egitarauak asteazkenean jarraituko du. Argazki albumak egiten ikasteko Scrap teknikaren ikastaroa hasiko da, bi ataletako lehenarekin (10:00). Talo ikastaroa ere egingo dute (17:00) egun horretan, Arkupe elkartean. Izena udaletxean eman behar da.