Mendia ezagutuz maitatzeko
Afizioa ofizio bihurtu. Horixe da Legazpiko hiru gaztek egin berri dutena. Mendiarekiko zaletasuna eta maitasuna dira batzen dituen ezaugarriak, eta hortik sortu zaie Mendi Bazterrak enpresa martxan jartzeko ideia. Krisiaren eraginez bestela lana aurkitzea zaila zaiela ondorioztatuta, zain egon gabe ekintzaile izateko aukerari heldu diote. Mendi ibilaldiak antolatu eta hortik bizitzea da euren ametsa, eta ametsa egia bihurtzeko ilusiorik eta gogorik ez zaie falta.
Xabier Plazaola, Aritz Cantero eta Maria Aranburu dira Mendi Bazterrak enpresaren bihotza eta arima. Canterok gogoratu duenez, Baliabide Natural eta Paisajistikoen Kudeaketa eta Antolaketa goi mailako modulua elkarrekin egin zuten. Ikasketak amaituta lan mundura salto egiteko unea iritsi zenean, ordea, gauzak ez ziren uste bezala gertatu. Gaur egun gazteek «lana aurkitzea zaila» dutela uste du Plazaolak, are gehiago «ingurumen gaiekin lotura duen lanposturen batekin topo egitea», zehaztu du Aranburuk.
Hala hasi ziren poliki-poliki gorputza hartuko zuen ideiari bueltak ematen: mendi ibilaldiak antolatzeko enpresa bat sortzea. Goierrin eta inguruan jendeak «mendira joateko zaletasun handia» duela dio Canterok, baina egiaz ez dutela «inguruan duten horretan erreparatzen» uste du Aranburuk. Horretan eragin nahi dute batez ere, beren mendi ibilaldiak «interpretatiboak» ere izango direlako. Bertatik bertara «inguruko flora, fauna eta txokoen inguruko informazioa zabalduz, mendia ezagutuz maitatu eta errespetatzea» da helburu nagusia.
Askotariko mendi ibilaldiak
Ingurumena eta bertako paisaiak barnetik ikusteko baliabideak eskaini nahi dizkiete etorkizuneko bezeroei. Horregatik, natura izango da beren lan eremua, «Euskal Herriko mendiak», zehaztu dutenez. Eta bertan era guztietako ekintzak egiteko proposamen zerrenda bat ere prestatua dute jada.
Mendi buelta interpretatiboak eskainiko dituzte, «hasiera batean Goierri ingurukoak, gerora Euskal Herrian zeharrekoak prestatzeko irekita» dauden arren. Mendi buelta luzeak ere eskainiko dituzte: «Trekking-ak, zeharkaldiak…». Bisita gidatu bereziak ere egin nahi dituzte, «adibidez, Nafarroako erresumako gazteluak ezagutzeko Egino inguruan». Gauez egiteko moduko mendi bueltak ere pentsatuta dauzkate: «Askok eta askok gauez ezer gutxi ikus daitekeela pentsatuko dute, baina egiaz orduan dago fauna gehientsuena mugimenduan».
Baina mendia bizitzeko beste modu batzuk ere badaudenez, ingurumenarekin lotutako hainbat ekintza ere antolatzeko asmoa badute: «Haurrei begirako ekintzak, tailerrak, hitzaldiak…». Mendirako zaletasuna gaztetatik sustatzen hastea «etorkizuneko mendizaleak hezteko» modu bat balitz bezala ikusten baitute. Oraingoz eskaintza zehatzak badituzte ere, etorkizunean «bezeroek egindako eskaeretara egokitzeko» asmoa dutela aurreratu dute.
Enpresa berria ezagutaraziz
Hiru legazpiarrak mendi gidari tituludunak dira, baita ingurumen teknikariak ere, eta «ondo» ezagutzen dituzte Euskal Herriko mendiak eta basoak. Baina, legazpiarrak izanik, Aizkorri-Aratz natur parkea da euren jomuga. Legazpi «oso leku estrategikoan» dagoela gogoratu dute, eta askorik ezagutzen ez den arren, «Aizkorrira oso sarrera polita» duela baieztatu dute hiru herritarrek.
Gainera, bertan dagoen flora eta fauna «askotarikoa eta oso aberatsa» dela ere esan dute. Baso mota ezberdinak daude natur parkean: «Hariztiak, pinu basoak, pagadiak…». Fauna aldetik ere, aurki daitezkeen animaliak askotarikoak dira: «Azeriak, azkonarrak, orkatzak… Narrastiak ere asko daude, baita espezie bereziak ere», zehaztu du Aranburuk. Intsektuen mundua ere oso aberatsa da, «mila bat aurki daitezke: inurritegi handiak, kakalardoak…».
Proiektua jada amaituta daukate, enpresa gorpuztuta. Orain, enpresa izaera lortzeko tramiteak amaitzea falta zaie. Beren ametsa, lanbidea, ezagutzera emateko, Mendi Astea antolatu dute Legazpin datorren asterako. Goierriko ikastetxeekin ere harremanetan jarrita daude eskola umeekin zerbait egiteko gogoz, eta Mendibazterrak.com webgunea ere laster martxan izango da. Bidea ez da erraza izan; «beti daude beheraldiak», aitortu dute. Baina ilusioa eta gogoa ez zaizkie falta, eta gailurrera iristeko hori da eman beharreko lehen pausoa.
MENDI ASTEA – EGITARAUA
- Martxoak 3. David Ruiz de Gurpegiren ikus-entzunezkoa: Senderismo interpretativo en los Pirineos. 19:00etan, kultur etxean.
- Martxoak 4. Aitor Casadoren ikus-entzunezkoa: KXK Iratitik Ordesara. 19:30ean, kultur etxean.
- Martxoak 6. Andoni Ormazabalen ikus-entzunezkoa: Elurretako Lehoinabarra. 19:30ean, kultur etxean.
- Martxoak 7. Arkaitz Iurritaren ikus-entzunezkoa: Munduko paretak. 19:30ean, kultur etxean.
- Martxoak 15. Jolas Basatiak. 15:00etan, Mirandaolako parkean.
- Martxoak 16. Mendi martxa; Kirola Elkarrekin egitasmoarekin elkarlanean antolatuko ekintza izango da.