
Hondakinen kudeaketaren inguruko proposamen berria egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten plana, Azpeitiako, Zarauzko eta Beasaingo alkateek. Asmoa garbia da: egun Gipuzkoan dauden hiru zabortegiak 2015ean ixtea. Proposamen honen arabera, Zarauzko Urteta zabortegia 2014ko abenduaren 31rako itxiko da, Azpeitiako Lapatx zabortegia 2015ko apirilean itxiko da eta Beasaingo Sasieta zabortegia 2015eko urte amaieran.
Hemen klikatuta ikus daiteke proposamen osoa: gipuzkoa_azpiegitura_plana_eus
Behin zabortegiak itxitakoan, hondakinetarako azpiegitura sare berria ezarriko dute Gipuzkoan. Hiru konpostatze planta izatea biltzen du foru aldundiaren proposamenak: Beragarako Epelen, Azpeitiako Lapatxen eta Zubietan. Zubietan, gainera, TMB Tratamendu mekaniko biologiko planta bat ere jarriko lukete. Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenak biltzen duenez, «TMBaren bidez materiaren zati bat berreskuratuko da, gero konpostatu eta birziklatzeko, eta kenduko dira airera doazen isurkin kutsagarriak (gasak) nahiz lur azpira doazenak (lixibatuak). Horrela, berreskuratu ezin diren hondakinak bizigabetu egingo dira, eta ez dute ez usainik ez kutsadurarik sortuko».
Gero, «materia bizigabea gordailu batera eramango da. Gordailu horren kokalekua aurten erabakiko da Lurraldearen Arloko Plana aldatzeko prozesuan».
Mankomunitaten esku
Proposamen hau hiru mankomunitatetan onartzen den ikusi beharko da orain. Horretarako, Azpeitiako, Zarauzko eta Beasaingo alkateek «alderdien arteko akordioak» eskatu dituzte, eta akordio horiek posible direla frogatzeko, Azpeitian Bilduk eta EAJk lortutako akordioa gogorarazi dute. Hiru zabortegiak 2015eko amaierarako ixtea onartzen bada, Sasietaren bizitza aurreikusitakotik urtebete luzatuko da.
Azken hilabeteetan Sasieta zabortegira eta inguruetara etortzen diren kaioen arazoari buelta eman nahian, «kaioak uxatzeko teknika berri bat» jarri du martxan Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehenadakariak. Orain artean Sasietan erabiltzen zituzten uxatzeko teknikez gain, orain, belatzak erabiltzen hasiko dira.
Lehiaketa bidez aukeratutako Fauna Halcon enpresa arduratuko da belatzekin kaioak uxatzeaz. Andonegiren esanetan, «Sasieta zabortegitik uxatzeaz gain, inguruetatik uxatzea lortzea ere espero» dute belatz hauei esker.
Andonegik gogorarazi du «Sasietara iristen diren hondakinak errefusa bakarrik balira, kaioen arazoa desagertu» egingo litzatekeela «ez luketelako zer janik izango»; baina, «oraindik, herri guztietan ondo bereizten ez denez, janari edo organiko bila etortzen jarraitzen» dutela azaldu du Sasieta Mankomunitateko lehendakariak.
Itxi ondoren, zer?
Zabortegia itxi ondoren Sasietan eta inguruetan zer egiteko asmoa dagoen galdetutakoan, Sasietako lehendakariak azaldu du «oraindik erabat definitzeko» dagoela. «Gainerako zabrotegiak bezala, lehenik, behin-behineko zigilatua emango zaio zabortegiari, eta gero erabakiko da gainerakoa».
Izan ere, «errefusa asko jaitsi da azken boladan, eta ez dakigu 2015 bukaeran zenbaiteraino beteta egongo den. Nola betetzen denaren arabera ere alda daiteke gero hor zer egingo den: aldapa handia gelditzen den edo ez, zenbateraino dagoen beteta… horren arabera hartuko dira seguraski erabakiak», azaldu du Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariak.
Organikoa biltzeko kanpaina «arrakastasua» izan da Beasainen
Edukiontzi marroiarekin ahalik eta birziklatze maila altuena lortzeko ahaleginaren barruan, Beasaingo Udalak urtarrilean sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen martxan. Kanpaina horren barruan azaldu zuten, organikoa erabiltzen zutenek %20ko hobaria jasoko zutela, bi baldintzarekin: organikoa ondo sailkatu eta edukiontzi marroia erabiltzea eta edukiontzi marroia astean behin gutxienez erabiltzea.
Kanpaina horren harira, urtarrileko azkeneko astean 539 etxebizitza berrik eman zuten izena organikoaren bilketan. Lau egunez jarri zuten informazio puntua eta egunero 100dik gora herritar pasa ziren bertatik.
Hamabost eguneko epean bigarren kanpaina bat egin zuten eta orduan 120 etxebizitza berrik eman zuten izena.
4.127 etxebizitza izen-emanda
Bestalde, udaletxean bertan ere, jendeak eman du organikoaren edukiontzia erabiltzeko izena eta, momentu honetan Beasainen guztira 4.127 etxebizitza daude izena emanda organikoa bereizteko. Hala, Sasietak azaldu duenaren arabrea, herri gunean bizi diren familien %80ak organikoa behar den bezala sailkatzeko aukera du.
Horrez gain, herriko komertzioekin ere egin zuten kanpaina Beasainen. Aurrez organikoa bereizten zuten hamalau komertzioez gain, 60 komertzio gehiagok eman dute izena.
Oraingoz izen emateari dagokionez, kanpaina «arrakastatsua» izan dela azpimarratu du udalak. Hala ere, helburua «%80ko izen ematea, %80ko erabileran bihurtzea» dela gogorarazi dute.
Izan ere, kanpaina hasi aurretik Beasainen familien %60 zegoen izena emanda,baina, erabilera %47koa zen. Martxo hasieratik ari dira Sasietan datuak biltzen eta hilabete barrurako emaitzak eman eta izen ematea eta kiloak bat datozen ikusiko dute.
Azkenik, «oraindik organikoa sailkatzen ez duten herritarrak» daudela azaldu du udalak. Horiei, berriro ere, «birziklatzearen aldeko erronkari hel diezaioten» eskatu diete: «Denon ardura da birziklatzea, Beasain ederrago, garbiago eta iraunkorrago egiteko».