«Kalabera, Hamlet eta Ofelia daude, baina gauza gehiago ere bai»
Pasa den ostiralean Zumarragan eta datorrenean Beasainen Hamlet antzezlana taularatuko dute Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu taldeek. William Shakespearek orain 400 urte inguru idatzitako antzezlana Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964) egokitu du. Idazle emankorra da Mendiguren, gazte-gaztetatik aritua. Egun, editore ere bada. Genero ugari landu ditu, hala haurrentzako nola helduentzako narratiba eta antzerkia ere bai. Antzerkia, halere, luzaroan alboratuta izan eta gero, azken urteotan heldu dio berriz.
Pasa den ostiralean Zumarragan eta datorrenean Beasainen Hamlet antzezlana taularatuko dute Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu taldeek. William Shakespearek orain 400 urte inguru idatzitako antzezlana Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964) egokitu du. Idazle emankorra da Mendiguren, gazte-gaztetatik aritua. Egun, editore ere bada. Genero ugari landu ditu, hala haurrentzako nola helduentzako narratiba eta antzerkia ere bai. Antzerkia, halere, luzaroan alboratuta izan eta gero, azken urteotan heldu dio berriz.
Zein da antzerkira, ikusle bezala, lotzen zaituen lehenengo oroitzapena?
Txikitan antzerkia ikusi izanaren oroitzapenik ez dut. Aitzitik, ikusi nuen lehenengoak liluratu egin ninduen. Garai hartako UBI ikasturtean –egungo batxilergoko azkena– Donostiako Antzoki Zaharrera eraman gintuzten. Antzoki hartan Federico Garcia Lorcaren Doña Rosita la soltera antzezlana ikusi genuen, Nuria Espertek jokatzen duen rol nagusia… Miragarria iruditu zitzaidan. Antzerkiak telebistan ikusiak nituen, baina guztiz ezberdina da aurrez aurre edo telebistan ikustea.
Orduan sartu al zitzaizun antzerkiaz gehiago jakiteko harra?
Bai. Antzerkira maiz joaten hasi nintzen eta antzerkiari buruz gehiago irakurtzen nahiz antzerki gehiago irakurtzen. Zaletu, eta idazten hasi nintzenean ipuinak, nobelak eta antzerkia ere idazten hasi nintzen.
Nolakoak ziren hasierako antzezlan haiek?
Bi ildo nagusi zituzten. Antzerki herrikoia idazten nuen, zeina ulertzeko erraza eta mezuetan soziala izan ahal bazen ere, nolabaiteko kutsu komikoa ere izan zezakeen. Bestalde, antzerki esperimentalago bat ere landu nuen. Egiten nituen irakurketekin zerikusia zuten, abangoardiako mugimenduek liluratu egin ninduten.
Antzezlanak idazteari utzi zenion, halere. Zergatik?
Antzerki idazle bezala lehiaketatan parte hartu nuen, eta hainbat irabazi ere bai. Baina irakurlerik ez zegoela konturatu nintzen, lanak oharkabean igarotzen zirela. Lehen, eta orain ere, argitaletxeek ez dituzte publikatzen irakurlerik ez dagoelako. Sorgin gurpil bat da.
«Nuria Espert Lorcaren lan batean ikusi nuen,
eta miragarria iruditu zitzaidan»«‘Hamlet’ klasikoa da aspaldi idatzitakoa delako
eta gaurkotu daitekeelako»
Hasierako antzezlan haiek taularatu al ziren?
Antzerki herrikoi haiek errepresentatu ziren; antzerki talde amateurrek jokatu zituzten. Niretzat esperientzia gazi-gozoa izan zen; nire lan bat taula gainean ikusteak poza ematen zidan arren, ikusten nuenak ez ninduen gehiegi betetzen. Irakurle urritasunari gehituta, antzerkiak idazteari utzi nion.
Orain urte gutxira arte…
Bai, orain urte gutxi antzerkiarekin nire bigarren harreman aldia hasi zen. Ander Lipusek deitu zidan aspaldi idatzitako obra bat antzeztu nahi zuela esateko. Publikoari gorroto taula gainera eraman nahi zuen, 80ko hamarkada erdian idatzitakoa da. 21 urte izango nituen idatzi nuenean, eta beste hainbeste geldi egon da. Bere garaian publikatu, saria jaso eta bere bidea egin zuen, baina gordeta geratu zen. Lipusek proposamena egin zidanetik, proiektua abiarazi genuenera tarte zabala igaro zen; izan ere, gauzak mantso egin genituen.
Antzezlana paperetik taulara eramateko prozesuan parte hartu al zenuen?
Bai. Zuzendariarekin eta aktoreekin eztabaida luzeak izan nituen. Testua irakurtzeko denbora hartu genuen eta zenbait pasarte berridatzi nituen. Horrekin, obra muntatzen hasi ziren. Noizean behin entseguetara joaten nintzen, eta beraiek inprobisazioetan landutakoa jasotzen nuen testura eramateko. Antzezlanak harrera ona izan zuen ikuslei dagokienez, baita kritikaren aldetik ere. Taldekoak gustura geratu ziren, eta Publikoari gorroto antzezlana estreinatu aurretik, elkarrekin beste lan bat egingo genuela adostu genuen.
Beste lan hori ‘Hamlet’ izan da.
Bai. Hamlet obra klasikoa da, aspaldi idatzitakoa delako eta irakurketa berriak onartzen dituelako; gaurkotu daitekeelako, alegia. Antzezlanak lantzen dituen gaiei begiratu baino ez dago: traizioa, justizia, injustizia, maitasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak, adiskidetasuna…
«Gure ‘Hamlet’ berezia izango zela erabaki
genuen, zertan publikoak aurkituko du»«Antzerkia ez da nobeletatik etorritako zerbait,
askoz ere zaharragoa da»
Dena dela, ez da ohiko ‘Hamlet’ bat.
Asko hitz egin genuen nolako Hamlet izango zenari buruz. Hamlet izango zela bai, baina Hamlet berezia izango zela erabaki genuen. Berezia zertan den publikoak aurkitu beharko du. Kalabera, Hamlet eta Ofelia badaude, baina gauza gehiago dago. Ikuste hutsarekin disfrutatzekoa da, eta ikusi eta gero zer pentsatu ematen du. Ahozko hizkuntzaz gain, begiekin ikusten den beste hizkuntza bat ere badago; ikusgarria da, zazpi aktore daude taula gainean. Ez dut gehiago kontatuko, antzezlana ikusi egin behar da.
Etxeko bakardadean idazten den antzezlan batek zein bide egiten du taula gaineraino?
Gazte garaian etxeko bakardadean sortzen nuen; on edo txar, nahi nuena egiten nuen. Azkenaldian ez dut paperarentzat idatzi, aktoreentzat baizik. Ezberdina izan da hainbat alderditan. Buruan aktorea daukazu, zer eta nola esan behar duen, ahoskatzeko idazten duzu, ahots goran esateko. Gainera, talde lana ere izan da. Nola eta zer idatzi adostuta dago aldez aurretik. Ideiak elkarlanean lantzen dira, taldean sortutako burutazioekin. Dialektika bat izan da, aldaketak edotarikoak izan zitezkeen testuan. Niri lan gehiago eskatu dit askotan idatzi behar izan baitut, baina prozesua ederra izan da, asko ikasi dut eta emaitza hobea izan da.
Eta behin antzokiko eserlekuan zaudela, zer sentitu duzu?
Asko disfrutatu dut. Eserlekutik iruditu izan zait nire testuek izan zezaketen iradokitzeko gaitasuna biderkatzen zela.
Zer dauka antzerkiak irakurle gutxirekin, ikusle masiborik gabe mendeetan bizirauteko?
Antzerkia irakurtzeko ohitura asko ez dago. Agian, hori da irakurketa motz geratzen delako, osatzeko taula behar duelako nonbait. Antzerkia ez da nobeletatik etorritako zerbait, askoz ere zaharragoa da. Oinarriak gizaki izaten hasi ginen hartako lehenengo dantzetan eta erritualetan daude; erritualizazio horiekin du harremanik sakonena. Eta bizirik iraun du, eta bizirik iraungo du.