XV. Igartza saria lortu zuen Danele Sarriugarteren Erraiak nobela aurkeztu dute
http://youtu.be/k_9872QAlTk Gaur goizean aurkeztu dute Donostian Igartza sariketako XV. edizioko irabazle izan zen Danele Sarriugarte elgoibartarraren liburua: Erraiak. Bertan izan dira Sarriugarterekin batera Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Joxe Begiristain CAFeko euskara teknikaria eta Antxiñe Mendizabal ELkarreko editorea.
Itzulpengintzan lizentziatua da Sarriugarte (Elgoibar, 1989), eta Elearazi itzulpen blogaren kudeatzailea ere bada, gaurko prentsaurrekoan gogorarazi duen urteurrenaren arabera, duela bi urtetatik. Bere nobelaz hitz egiteko baino, bere lagun Garazi Arrulari eta bertaratu diren lagun eta gurasoei eskerrak emateko erabili du hitz egiteko utzi dioten tartea.
Bikote haustura mingarri baten ostean, emakumezko baten kontakizun sakona egiten du Sarriugartek nobelak. Kontaketa horretan, pertsonaiaren sentipenak barru-barrutik azaltzen ditu, ironiaz eta inongo lotsarik gabe, gordin. Barne bakarrizketa bat da, harremanen inguruko hausnarketa bat gaur egungo Euskal Herrian. Hasiera batean Mamuak izenburua zuen nobelari izena Erraiak izenagatik aldatu izana, Erraiak hitzak “liburuaren mamia zehatzago” azaltzen duela iruditzen zitzaiolako egin duela dio.
Formatuari dagokionean, bitxikeria bezala azaldu ditu, liburuaren oharrak orrien behekaldean idatzi ordez, liburuaren amaieran jarri dituela eta kapituluen denbora erreferentziak 0 denboratik abiatzen direla, eta 0 aurretik gertatutakoak -3, -1… direla, denboraren urruntasunaren arabera.
Beasainen ere gaur egingo dute liburuaren aurkezpena, 19:00etan Igartza jauregian.













