Genero ikuspegia alor guztietara eramango du II. Berdintasun Planak
Udal aurrekontuak genero ikuspegitik antola daitezke? Hirigintzak generoarekin zerikusirik ba ote du? Eta kulturan, kirolean zein ekonomian genero ikuspegia txerta daiteke? Azken urteetan berdintasun politiketan nagusitu den joerari jarraituz, mainstreaming-ari lehentasuna emango diote Ordiziako Udalean. Genero ikuspegia udal jarduera eta maila guztietara txertatzea da atzo D’elikatuzen Ordiziako Udalak aurkeztu zuen II. Berdintasun Planaren lehentasunetako bat. Kristina Altuna eta Ainhoa Irazu berdintasun teknikariak eta Elhuyarreko aholkulariak arduratu ziren aurkezpena egiteaz.
Bigarren pausoa
Ordizian 2009an hasi ziren parekidetasunaren alorrean lehen urratsak ematen. Egoeraren azterketa egin eta lehenbiziko Berdintasun Plana jarri zen martxan. Genero ikuspegia alor guztietara hedatzeko lehen ahaleginak egin ondoren, 2013an abiatutako parte hatze prozesuan teknikarien zein lan-taldeetako eragileen gogoeta eta ekarpenekin osatu eta sakondu dute jarraitu beharreko bidea. Prozesu horretatik jaio da II. Berdintasun Plana. «Lehen planarekin berdintasuna alor guztietara eramatearena ahaleginean geratu zen, oraingo plana egingarriagoa da», esan zuen Altunak.
Hainbat hilabetetako lanaren ondoren, plana otsailaren 27an onartu zuen Ordiziako Udalbatzak aho batez. «Pertsona guztien aukera eta eskubide berdintasunak bermatzeko konpromiso sendoa» duela azaldu du Ordiziako Udalak, bai barne mailan zein kanpora begira ere. Berdintasun plan berriak errealitatearekin bat egiteko asoma duela diote.
Bi plangintza izan dituzte erreferente plana diseinatzeko garaian: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaerako II. Foru Plana.
Berdintasuna lortzeko «gobernu on baten alde» lan egitea beharrezko dela esan zuen Ainhoa Irazuk. Horretarako gizonen eta emakumeen behar, gogo eta espektatibak berberak ez direla kontuan hartu behar dela uste du; aukerei dagokionez alde handia dagoela. Azken finean, «gauzak egiteko molde berri bat finkatzea» da egitekoa.
Lehentasunak
Genero ikuspegia alor guztietara eramateaz gain, emakumeen ahalduntzea eta balioen aldaketa indartu nahi dute «emakumeen parte hartze soziopolitikoa areagotzeko eta herritar guztiengan eragiteko, tratu desberdintasunekin behin betiko amaitzeko».
Lehentasunen artean kokatu dute erantzukidetasunarena ere. Emakumeek zein gizonek eremu publikoan zein pribatuan arduraz jokatu behar dutela diote; emakumeek eremu publikoan duten parte hartzea handitzeko, eta gizonezkoak bizitza ongizatean oinarri diren zaintza lanetan gehiago inplikatzeko.
Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, sexuen arteko ezberdintasunaren eta emakumeen mendekotasunaren «adibiderik lazgarriena» dela zioen teknikariak. Udalak, herritarrekin elkarlanean «oldarkeria atzean uzteko prebentzioan eta arretan lan sakona egitekoa asmoa du».
2016 arteko erronkak
II. Berdintasun Planean jasotzen diren helburuak eta egitasmoak 2016 urtera arte garatzea aurreikusten dute. Bitarte horretarako erronken artean aipatu zituzten, beraz, udalean berdintasun kultura bultzatzea edo zerbitzu eta ekintza barneratzaileak finkatzea. Era berean, udal langileak trebatu beharko dira euren jardunean genero ikuspegia txertatzeko eta erantzukidetasunean eredu izateko ahalegina egiteko. Desorekak atzeman eta horien aurrean neurriak hartzeko heziketa soziala indartuko dute eta indarkeriari aurre egiteko tresna gisa «tratu onak» bultzatuko dituzte.
Berdintasun Planarena Udaletik sustatu duten arren, paperean jaso diren erronka eta helburu guztiak betetzeko herritarrekin lanean estu jardutea «ezinbesteko» dela esan zuen Altunak. Parte hartzeko guneak sortu eta indartuko dituzte «denen artean berdintasuna ardatz duen herri bat eraikitzeko».
Igor Eguren Ordiziako alkateak, bestalde, udalean berdintasunerako konpromezua ez dela berria nabarmendu zuen, «baina egiteko horretan sakondu» nahi izan dutela.