Beasainen TAO sistema ezarriko dute maiatzaren 5ean
Beasaingo Udalak TAOa ezartzearen inguruko zehaztasunak eman ditu gaur, prentsaurreko bidez Koldo Agirre alkateak, Aitor Larburu zinegotziak eta Hilario Urretabizkaia udaltzain buruak. Herritarrekin, dendariekin eta herriko zenbait enpresekin egindako partehartze prozesu baten ostean, udalak erabaki du zer nolako TAO sistema ezarri. “Tren geltoki paretik Gipuzkoa plazara”, herriko “erdigunean” ezarriko da TAO sistemaAgirrek azaldu duenez.
Hiru koloretako guneak egongo dira: Marroia: Errotazio azkarrekoa (Erauskin plazan), Berdea: Estantzia luzeetakoa (Gipuzkoa plazan) eta Urdina: Erdibidekoa (Oriamendi, San Inazio eta Esteban Lasa kaleetan). Bernedoneko parkingean ez da TAOrik egongo, oraingoz behintzat. Gerora, anbulategiko zerbitzuari trabak sortzen dizkiola ikusiz gero, aldaketak egin daitezkeela azaldu dute.
Prezioei dagokionean, “prezio merkeak” direla azaldu dute. Lehen 15 minutuak, gainera, dohainik izango dira, herritarrekin egindako bileretan bilerara bertaratuek eskatu zuten bezala. Horrez gain, merkatariekin egindako bileran egindako eskari bati jarraituz, erosketak egitera datozenei bonoak oparitzea ere ari dira aztertzen.
TAOa kudeatzeaz Gertek enpresa arduratuko da. Esleipen bidez aukeratu den enpresa honek urteak daramatza beste herri batzuetan TAOaz arduratzen: Tolosan, esaterako. Guztira 12 parkimetro jarriko dituzte, eta erabiltzaileek matrikula sartu beharko dute makinan. Txartela autoan bistan jartzea ez da beharrezko izango, TAOaz arduratuko diren bi langileek matrikulen bidez lan egingo dutelako. Horrez gain, seinalizazio bertikala egongo da: Batetik, zonaldearen kolorearen araberako mugak zehaztuko dituzte eta seinaleak ere egongo dira TAOa zein egunetan eta ordutan ordaindu behar den azaltzeko.
Maiatzaren 5ean jarriko da martxa TAO sistema. Bitartean egingo dituzten lanen berri ematen joango direla azaldu dute udaletik. Egoiliar txartela nola eskuratu aurrerago azalduko badute ere, urteko 40 euro kostako dela azaldu dute eta udaltzaingoaren bulegoan eskuratu beharko da.
Larburuk, amaitzeko, “lasai egoteko” eskatu die herritarrei, “aldaketen aurrean normala dela urduri egotea”. “Martxan jarri eta aldaketak egin beharra dagoela ikusiko bagenu, egingo da”, azaldu du.
Albiste honekin lotuta:
- «2004an egindako diagnostikoan jada ikusi genuen TAO ezartzeko beharra»