Berdintasunerantz
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna utopia bat da oraindik, gaur egungo gizarteetan. Baina, bataren zein bestearen arteko ezberdintasunak aintzat hartuta, aukera eta eskubide berdintasunarekin amets egiten duten gizabanakoak asko dira, gizon nahiz emakume izan. Berdintasunaren utopia errealitate bihurtzeko asko dago oraindik egiteko, baina bideak ibilian osatzen dira.
Ordiziako eta Beasaingo udaletan, beste batzuetan aurretik egin bezala, hasita daude berdintasunaren bidean pausoak ematen. Hala, azken legegintzaldian Berdintasun sailak sortu dituzte bi udaletan. Zezilia Herrador Beasaingo Berdintasun, Parte hartze, Immigrazio eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, «berdintasuna garrantzia duen gai bat da, eta aparteko lanketa bat merezi duela iruditzen zaigu».
Ordizian ere legegintzaldi berriarekin sortu zuten berdintasun gaiak lantzeko aparteko sail bat. Eta sail horren ekimenez, hain zuzen, osatu berri dute Ordiziako II. Berdintasun Plana. Beasainen, berriz, lehenengoa egituratzeko lanean hasiko dira laster. Berdintasun Planak zer diren galdetuta, udaletxe batek berdintasunerantz jarraitu beharreko bidean «norabidea markatzen duen lanerako tresna» dela azaldu du Edurne Gutierrez Ordiziako Berdintasun eta Gazteria zinegotziak.
Edurne Gutierrez (Ordiziako zinegotzia): «Orain arte berdintasun faltsu batean bizi izan naizen sentsazioa daukat»
Ordiziako II. Berdintasun Plana otsaileko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak. 2013 hasieran plana osatzeko parte hartze prozesua jarri zuten martxan, «plan berriak herriko errealitatearekin bat egitea» izan baita helburu nagusia. Horretarako, bilera ezberdinak egin dituzte, «herritarren, elkarteen, udal langileen eta politikarien» iritziak jasotzeko. Ekarpen guzti horiekin eta «Emakunderen VI. Berdintasun Plana eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana oinarri hartuta» osatu dute dokumentua.
Planaren lehentasunak Plan hau, lehenengoaren jarraipena izango da, eta «2013-2016 aldirako helburuak hartzen ditu bere baitan». Bigarren lanketa hau «lehenengoan zeuden gabeziak aintzat hartuta» egin dute. Izan ere, Gutierrezen iritziz, «lehenengo plana anbizio handikoa zen, eta ez dugu udal mailan denari heltzeko gaitasunik izan. Bigarrenean helburu zehatzagoetara jotzen saiatu gara».
Planean jasota dauden lehentasun azpimarragarrienak ondokoak dira Gutierrezek esan duenez: Mainstreaming-a, edo «genero ikuspegia zeharkakotasunez udal jarduera eta maila guztietan txertatzea, emakumeen parte hartze soziopolitikoa areagotzeko» politikak lantzea, edo herritarren artean «aukera eta tratu ezberdintasunekin behin betiko amaitzea». Gizonen eta emakumeen erantzukidetasunean ere eragin nahi du planak eta, baita, «emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko» neurriak hartzerakoan ere.
Plana amaituta dago, eta helburuak finkatuta. Orain, teoria praktikara eramatea baino ez da falta. Dena den, «lanketa hau amaituta berdintasunaren bidean oraindik asko» dago egiteko. Gutierrezek Aitortu duenez, «orain arte berdintasun faltsu batean bizi izan naizenaren sentsazioa daukat, udalean lanean hasi eta gaian sakondu dudan arte».
Zezilia Herrador (Beasaingo zinegotzia): «Ezberdintasunak bultzatzen dituzten jiteak errepikatzen dituzte haurrek eta gazteek oraindik»
Herradorren iritziz, berdintasunaren arazoari errotik heldu behar zaio, eta zentzu horretan «heziketa falta handia» dagoela uste du. Oraindik orain, «emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak bultzatzen dituzten jiteak errepikatzen dituzte haurrek eta gazteek». Hala, berdintasuna lortzea lan zaila dela esaterakoan bat datoz bi zinegotziak. Jasotako heziketaren ondorioz, «hainbat balio barneratuta ditugulako gaur egungo gizarteetan, eta zenbait jarrera nahi gabe ateratzen zaizkigulako».
Administrazioan ere lan asko dago egiteko bi zinegotzien ustez, baina jakitun dira Ordizia edo Beasain bezalako udalerrietako udalek dituzten mugez. Dauzkaten baliabideak «oso mugatuak» dira Herradorren ustez, eta gainera, «berdintasunaren inguruan jendea mugitzea zaila da». Baina, mugak muga, gauzak egiteko unea ere bada, eta tokian tokiko plan hauez gain, Goierri behean Danon Arten izeneko lanketa bat egiten ari dira eragile ezberdinak batuta, «indarkeriaren aurkako protokolo bat osatzeko», zehaztu du Gutierrezek.
Lehen urratsak ematen Beasainen orain hasiko dira Ordizian iaz osatutako bidearekin. Plan baten beharraz galdetuta, Herradorrek, berdintasunaren inguruan «ikuspegi orokorrago batekin lanketa bat egiteko beharra» ikusi zutela erantzun du. Plana egiteko ideia orain urte bete pasatxotik martxan dagoen berdintasun forotik atera zen. Foro horretan «toki eta ideologia ezberdinetako emakumeak daude, hilean behin kezkatzen dituzten gaiei buruz hitz egiteko eta hausnartzeko».
Parte hartzea izango da, baita ere, Beasainen plana garatzeko aukeratu duten metodologia: «Datozen asteetan hasiko gara bilerekin, eta politikariak, udaletxeko teknikariak, herritarrak… bildu nahi ditugu». Datozen hilabeteetan egingo dituzte bilerak, eta «ekainean lehenengo emaitzak emateko moduan» egotea espero dute. Ikasturte berrian helduko diote plana osatzeko lanari, eta «2105erako osatuta izatea da asmoa».
Plan hauekin ez da amestutako berdintasuna lortuko, baina «lehenengo urratsak eman eta kontzientziazioa lortzeko» balioko dutela uste dute bi ordezkariek. Horrela, aniztasunetik berdintasunerako bidea laburragoa egiteko esperantzarekin.